Kontxan mobilizatzera deitu dute, Global Sumud Flotillaren aurkako erasoa salatzeko
Palestinaren aldeko Donostiako mobilizazio baten artxiboko irudia.Joseba Parron San Sebastian Israelgo Estatuak Global Sumud Flotilla Palestinaren aldeko egitasmo humanitarioaren aurkako beste operazio bat abiatu du, hainbat ekintzaile atxilotuz, tartean, gutxienez, bi euskal herritar. Eraso horren aurrean, Global Sumud Euskal Herriak mobilizatzera deitu du gaur arratsalderako (hilak 18), Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Donostian, 19:00etan elkartuko dira, Kontxako hondartzan, Begi guztiak Palestinan lelopean; herritarrak Palestinako banderak eramatera deitu dituzte.
“Gazara bidean zihoan ontzidiaren 54 ontziei eraso egin diete, Euskal Herriko sei lagun zeuden tartean”, azaldu du Global Sumud Euskal Herriak. “Gogorarazi nahi dugu Global Sumud Flotilla munduko 70 herri baino gehiagotako pertsonek antolatutako indarkeriarik gabeko ekintza bat dela, Israelen legez kanpoko blokeo militarra hausteko, itsas korridore humanitario bat irekitzeko eta Palestinako herriari Gaza berreraikitzen laguntzeko. Flotilla jasaten ari den eraso hau, aurrekoa bezala, Israelek duen zigorgabetasunaren isla da, Amerikako Estatu Batuen baldintzarik gabeko babesa eta Europako gobernuen eta Euskal Herriaren konplizitatea baititu”, gaineratu dute ekintzaileek.
Horrela, aldarrikapen argi eta zehatzekin aterako dira kalera gaur: “Flotillako kide guztien berehalako askatasuna; esku hartzearen amaiera; misioarekin jarraitzeko baldintzak bermatzea, Gazara laguntza humanitarioa heltzeko korridore humanitario baten irekiera; Gazaren gaineko legez kanpoko blokeoa bertan behera uztea eta Euskal Herrian Israelekin dauden kolaborazio guztiak amaitzea”.


