Sara Alonso hirugarren gelditu da Zegama-Aizkorrin
Sara Alonso, 25. Zegama-Aizkorriko helmugan. 25. Zegama-Aizkorri mendi maratoia egin zuten atzo (hilak 17), eta, ohiko legez, lehia eta emozio handiko proba izan zen. Sara Alonso donostiarrak ezin izan zuen iazko balentria errepikatu lasterketa irabaziz, baina podiumera igotzea lortu zuen, hirugarren postua eskuratuz. 4.25.51ko denbora egin zuen Alonsok, orain arteko bere denbora onena, eta Tove Alexandersson norvegiarra (4:08:09) eta Malen Osa oñatiarra gelditu ziren bere aurretik (4.23.56).
Lehia bizia eduki zuten Alonsok eta Osak, izan ere, probaren lehenengo erdian donostiarra joan zen aurretik, baina Aizkorriko gailurraren inguruan aurreratu zuen Osak eta hala helmugaratu ziren. Egindako lasterketarekin gustura agertu zen donostiarra, amaitzean egindako adierazpenetan: “Banekien Tove harrapatzea ia ezinezkoa izango zela. Malenek aurrea hartu didanean, hari jarraitzen saiatu naiz, baina ez dakit zenbat aldiz erori naizen gailurraren inguruan, eta, azkenean, erabaki dut nire lasterketa egitea. Dena eman dut eta Zegama-Aizkorrin orain arte eginak nituen denboretan onena egin dut”
Gizonezkoetan, bestalde, Elhusine Elazzaui marokoarra izan da aurtengo txapelduna (3.45.07), Daniel Patis italiarra izan zen bigarren azkarrena (3.45.27) eta Taylor Stack estatubatuarra (3.52.17) hirugarrena. Lehenengo euskal herritarra Aitor Ajuria (Leintz-Gatzaga, Gipuzkoa, 1998) izan zen, 42 kilometro pasatxoko ibilbidea 3.57.56ko denboran osatuta. Killian Jornet korrikalari ospetsua, bestalde, ez zen beste aldi batzuetako mailan aritu eta 43. postuan helmugaratu zen (4.19.23).




