Global Sumud Flotillak jasandako erasoa salatu dute Donostian
Global Sumud Flotillak pairatutako erasoa salatzeko elkarretaratzea, Kontxan.Donostia Palestina Israelgo Estatuak Global Sumud Flotilla Palestinaren aldeko egitasmo humanitarioaren aurkako beste operazio bat abiatu du, hainbat ekintzaile atxilotuz, tartean, lau euskal herritar. Eraso horren aurrean, Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak egin zituen astelehen arratsaldean Euskal Herriko hainbat herritar. Donostian, Kontxako erlojuetan elkarretaratu ziren hainbat ekintzaile, ontzidiari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Estatuaren jarduna salatzeko.
“Gazara bidean zihoan ontzidiaren 54 ontziei eraso egin diete, Euskal Herriko sei lagun zeuden tartean”, azaldu du Global Sumud Euskal Herriak. “Gogorarazi nahi dugu Global Sumud Flotilla munduko 70 herri baino gehiagotako pertsonek antolatutako indarkeriarik gabeko ekintza bat dela, Israelen legez kanpoko blokeo militarra hausteko, itsas korridore humanitario bat irekitzeko eta Palestinako herriari Gaza berreraikitzen laguntzeko. Flotilla jasaten ari den eraso hau, aurrekoa bezala, Israelek duen zigorgabetasunaren isla da, Amerikako Estatu Batuen baldintzarik gabeko babesa eta Europako gobernuen eta Euskal Herriaren konplizitatea baititu”, gaineratu dute ekintzaileek.
Horrela, aldarrikapen argi eta zehatzekin aterako dira kalera gaur: “Flotillako kide guztien berehalako askatasuna; esku hartzearen amaiera; misioarekin jarraitzeko baldintzak bermatzea, Gazara laguntza humanitarioa heltzeko korridore humanitario baten irekiera; Gazaren gaineko legez kanpoko blokeoa bertan behera uztea eta Euskal Herrian Israelekin dauden kolaborazio guztiak amaitzea”.
Global Sumud Flotilla misio zibil humanitarioko ontziak Palestinako kostaldetik 260 itsas miliatara daude gaur egun, eta Israelgo itsas armada ontzidia atzematen ari dira nazioarteko uretan, Zipreko erreskate eremuaren barruan. Hemen dituzue Global Sumud Flotillaren zuzeneko irudiak.



