Udal zerga eta tasa gehienak %2,3 igotzea aurreikusi du udalak
Donostiako Udalbatza, udalbatzar batean.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2027rako Udal Ordenantza Fiskalei buruzko proposamena onartu du astearte honetan, udal zerga eta tasa gehienetan %2,3ko igoera orokortua aurreikusiz.
Kerman Orbegozo Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa zinegotziaren hitzetan, “eguneraketa zuhur bat” da hori, “justizia sozialaren, jasangarritasunaren eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunaren irizpideekin lerrokatuta”.
Zergak eta tasak
Proposamenak %2,3ko igoera aurreikusten du udal zerga gehienetan, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga (JEZ), Hiri Izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga (Gainbalioaren gaineko zerga) eta Ibilgailuen gaineko zergan aplikatzen den zerga tasa barne. JEZren kasuan, igoera 3. kategoriatik 6.era bitarteko kaleen kokapen-indizeei aplikatuko zaie, udalak zehaztu duenez.
Horrez gain, beste neurri batzuk ere jarri ditu mahai gainean udal gobernuak, hala nola Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergan (EIOZ) interes bereziko edo onura publikoko obretarako hobaria ematea, “batez ere, irabazi asmorik gabeko erakundeek lurzoru publikoan sustatutako jarduketetarako”.
Bestalde, tasei dagokienez, gehienetan (TAO, garabia, saneamendua eta abar), %2,3ko igoera aurreikusi dute eta hondakinen tasan %2,29koa. Uraren tasak, aldiz, ez du inolako igoerarik izango ekitaldi honetan. Horrez gain, bi tasa kendu dituzte, “ez baitira borondatez eskatutako zerbitzuak”, udalaren hitzetan: Udaltzaingoaren istripu txostenak eta drogen nahitaezko probak.
“Eragin mugatua”
Igoera orokortua izanik ere, udalak dio “eragin mugatua” izango duela Donostiako etxeetan: “Urteko batez besteko ordainagiria 2026an 1.119,59 eurokoa izatetik 2027an 1.142,46 eurokoa izatera igaroko da, hau da, urtean 22,87 euro gehiago (%2,04 inguru)”. Udalak zehaztu duenez, batez beste, “Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) 8,86 euro inguru handituko da urtean, hondakinen bilketa tasa 7,24 euro, saneamendu tasak 3,93 euro eta ibilgailuen gaineko zerga 2,83 euro inguru”.
Onartze faseak
Udalak planteatutako neurri horiek guztiak oraindik ez dira behin betikoak, izan ere, ordenantzak zenbait izapidetze bete behar ditu oraindik. Lehenik, zuzenketak aurkezteko hamar eguneko epea irekiko dute orain. Ekainean zehar, proposamenen azterketa teknikoa eta juridikoa egingo dute eta, uztailean, Ogasun Batzordea egingo dute, herritarrei irekitako jardunaldia, eta uztailaren 23ko udalbatzarrean ordenantza eztabaidatu, eta hasierako onarpena ematea aurreikusten du udalak.
Ondoren, jendaurrean jartzeko eta alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea irekiko dute, iraila eta urria artean alegazioak ebaztea eta azken izapidetzea egitea aurreikusten dute eta, azkenik, urriko udalbatzarrean behin betiko onarpena eman nahi dio udal gobernuak.


