Hirigintza, Donostiaren «pribilegio eta ahultasunei» aurre egiteko
Hirigintzari eta etxebizitzari buruzko solasaldi mamitsua eskaini zuen Sebastia Jornet hirigile katalanak asteartean Kursaalean, EH Bilduk antolatuta. Etxebizitzaren egoera larriari aurre egiteko gakoak jarri zituen mahai gainean, ideia argi batekin: "Hirigintza etxebizitzak edukitzeko da".
EH Bilduk antolatuta, hirigintza eta etxebizitza izan zituzten hizpide Kursaalean, Sebastia Jornet hirigilearen eskutik, Oihane Larretxea EH Bilduko kideak gidatuta.Joseba Parron San Sebastian Ezker-eskuin, diagnostiko orokorra partekatua da: etxebizitza da egungo gizartearen arazo nagusia edo nagusienetakoa. Arazo konplexua den heinean, ordea, horri aurre egiteko mahai gainean jartzen diren bideak eta proposamenak desberdinak dira. Argi dagoena, aldiz, zera da: aurrerantzean erakunde publikoek erabiliko duten hirigintza ereduak baldintzatuko du etxebizitzaren egoerak izango duen bilakaera. Donostia, hain zuzen ere, hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspenean murgilduta dago; dokumentu horrek ezarriko ditu hurrengo hamar-hogei urteetan hirian garatuko den hirigintzaren oinarriak.
Hirigintza ereduaren eta etxebizitzaren aferaren inguruko eztabaidari “soseguz eta zaratarik” gabe ekarpena egiteko asmoz, Sebastia Jornet hirigile eta arkitekto katalana gonbidatu zuen EH Bilduk asteartean antolatutako Hirigintza eta etxebizitza: zerbait egin daiteke? solasaldira, Oihane Larretxea EH Bilduko kideak gidatuta. HAPOaren berrikuspenaren aurrerakin dokumentuaren zuzendaria da Jornet, baita ibilbide luzeko hirigilea ere.
Hiriaren argazkia
Donostiaren argazkia eginez abiatu zuen hitzartzea Jornetek, eta hiru ezaugarri nagusi nabarmendu zituen. “Hiri duala” dela aipatu zuen, lehenik, besteak beste, itsasoa eta mendia bertan dituelako. Ondareari, kulturari eta zuzkidurei dagokienez “hiri aberatsa” dela esan zuen bigarrenik. Eta, hirugarrenik, “hiri berdea eta paisaia hiria” dela adierazi zuen, “kirolera eta kalera gonbidatzen duena”.
Hiru ezaugarri horiek Donostiaren “pribilegioa eta ahultasuna” osatzen dutela azaldu zuen, ordea: “Denek nahi dute hemen bizi, baina mundu globalizatu honetan, nork erosi dezake pisu bat Donostian?”. Hain zuzen ere, horretarako dago hirigintza, adituak nabarmendu zuenez: “Hirigintza etxebizitzak edukitzeko da”. “Hiriak bizitzeko dira, eta etxebizitza da demokraziaren konpondu gabeko arazo nagusia, ez baitugu etxebizitza politika aldatu diktadura garaitik”, gaineratu zuen
Horrela, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako desarrollismoaren ostean, gogorarazi zuen hiru mekanismo erabili daitezkeela gaur egun etxebizitza babestuak lortzeko: hirigintza garapenetan lur erreserbak egitea etxebizitza babestua eraikitzeko —garapen jakin batean egingo diren etxebizitzetatik ehuneko jakin bat publikoa izatea, alegia—; erosketa eta, horren barruan, desjabetzea eta erakundeek lehentasunez erosteko eskubidea aplikatzea eta, hirugarrenik, kalifikazioa.

EH Bilduk antolatuta, hirigintza eta etxebizitza izan zituzten hizpide Kursaalean, Sebastia Jornet hirigilearen eskutik.Joseba Parron San Sebastian
Kalifikazioa erdigunean
Hirugarren mekanismo horretan, kalifikazioan, jarri zuten fokua solasaldian, hain zuzen ere, ahalbidetzen duelako etxebizitza babestuak lortzea eremu desberdin askotan eta modu desberdin askoz esku hartuz. Gainera, Jornetek nabarmendu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak mekanismo horren inguruko epai bat argitaratu duela, aitzindaria dena, kalifikazioa etxebizitza babestuak lortzeko tresna gisa berretsiz. Horrela, kalifikazioaren mekanismoaren bidez, udalek ematen dituzten lizentzietatik ezarri daiteke etxebizitza babestuak egiteko baldintza, eta ez esku hartzetik, ohikoa den moduan. Lizentzietatik etxebizitza babestuak lortzeko lau mekanismo jarri zituen mahai gainean adituak.
Lehenik, 600 metro koadroko eraikigarritasuna baino gehiago duten partzeletan eraikitzen denaren %30a babestua izatea ezartzea: “Horrela, eraikin berean edukiko ditugu etxebizitza libreak eta babestuak”. Bigarrenik, kale ez komertzialetako etxabeetan etxebizitza babestuak sortzea. Hirugarrenik, “areagotze soziala”, hau da, eraikigarritasuna handitzea baimentzea, baldin eta handitzen den hori babestua bada. Eta, laugarrenik, “dentsifikazio soziala”, hau da, etxebizitza handien segregazioa, azalera berean etxebizitza gehiago sortzean, betiere, sortzen den etxebizitza berria babestua izanik eta eremuaren baldintzek ahalbidetzen badute hori (garraio publikoa, ekipamendu sozialak eta abar). Hain zuzen ere, hirigintza irizpide gisa, “areagotzearen” eta “dentsifikazioaren” alde agertu zen Jornet solasaldian zehar, baina ez edozein preziotan: “Etxebizitza gehiago edukitzeak esan nahi du ekipamendu gehiago behar dituzula”.
Lau mekanismo horiek “hiri osoan” aplikatu daitezkeela nabarmendu zuen Jornetek, eta, horrela, etxebizitza babestuak lortu daitezkeela Donostia osoan zehar, eta ez soilik eremu batzuetan pilatuta. “Kalifikazioak hori ahalbidetzen digu; ahalbidetzen digu bizi proiektuak hirian bertan garatzeko aukerak ematea”. Era berean, hamarkada luzez zabaldutako ideia bat burutik kendu behar dela aldarrikatu zuen: “Dagoeneko ikasi dugu etxebizitza babestua ez dela pobreentzat bere horretan, gazteentzat eta klase popularrentzat da”. Eta, gogorarazi zuen premiazkoa dela etxebizitza babestu kopurua handitzea, baita legez ere: “Europatik datorren agindua da hogei urte barru hirien etxebizitza parkearen %20 babestua izatea. Donostian, ez da %5era iristen”.
Ildo horretatik, argi esan zuen irizpide nagusia izan behar dela artifizializatu gabeko lur gehiago ez okupatzea: “XIX. mendea zabalguneen mendea izan zen, XX. mendea hazkundearena eta XXI. mendea birziklapenarena izan behar da, barrurantz hazi behar dugu, eraikitako hirirantz”. Hori da, hain zuzen ere, Jornetek zuzenduriko HAPOaren berrikuspenaren aurrerakin dokumentuaren ildo nagusia, salbuespen nabarmen batekin: Altzako Auditz Akular eremua, non 3.000 etxebizitza eraiki nahi dituen udalak, Odon Elorza alkate zen garaitik.
Arlo pribatua, publikoaren kontrolpean
Etxebizitza babestuak zein libreak, gehienetan, enpresa pribatuek eraikitzen dituzte. Hor ere badago zer hausnartu, baina Jornetek argi esan zuen gaur egun, arlo pribatuarekin kontatu gabe ezin dela hiria egin: “Administrazio ahulak ditugu, inbertitzen duten euro bakoitzagatik hamar euro inbertitzen ditu arlo pribatuak. Beraiek gabe ezin da, baina, hori bai, arlo publikotik gidatu behar ditugu. Negozioa egin dezatela, baina arrazoizko modu batean”. “Utzi diegu dagoeneko beraien kabuz hiria egiten eta emaitza ez da ona izan, bistan da”, gaineratu zuen.
Hain zuzen ere, ildo beretik, aldarrikatu zuen ez litzatekeela publikoa den horren metro bat bera ere saldu, arlo publikoak lur publikoaren gaineko kontrola mantendu behar duela. Horregatik, alokairuzko etxebizitza babestua sustatzearen alde agertu zen, “baldin eta lurraren prezioak kontrolatzen baditugu”. Hain justu, gaineratu zuen lurrak “alokairu babestuan kalifikatu” daitezkeela hori bermatzeko.

EH Bilduk antolatuta, hirigintza eta etxebizitza izan zituzten hizpide Kursaalean, Sebastia Jornet hirigilearen eskutik, Oihane Larretxea EH Bilduko kideak gidatuta.Joseba Parron San Sebastian
Arlo pribatuari buruzko beste zenbait gako ere eman zituen Jornetek, ikusleen galdera batzuei erantzunez. Etxebizitza hutsei —2.000 inguru daude Donostian— eta etxejabe handiei dagokienez —300 inguru daude Donostian, 3.000 etxebizitza ingururekin—, “fiskalki eragin” daitekeela nabarmendu zuen, hau da, etxejabe horiei zergak eta tasak igoz. Etxebizitza turistikoei dagokienez —1.300 eta 1.500 artean daude Donostian (legezkoak)—, are argiagoa izan zen: “Hirien minbizia dira. Bartzelonan, lizentzia guztiak 2028an iraungiko dira”. Bigarren etxebizitzen inguruan, aldiz —14.000 inguru daude Donostian—, Jornetek ez dauka argi zer egin behar den: “Konplexua da”.
Guztiaren gainetik, bere lanaren irizpide nagusia nabarmendu zuen Jornetek: “Etxebizitza soilik bizitzeko izan beharko litzateke”. Eta kultura aldaketa baten beharra ere aldarrikatu zuen: “Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europa arlo publikoa sendotzean oinarrituz berreraikitzen ari ziren bitartean, frankismoa herritarren aurrezkietan oinarrituta eraikitzen ari zen. Hortik gatoz eta oinordetzan jasotakoa kudeatu behar dugu”.
Izan ere, Donostia estatuko batez bestekoaren gainetik badago ere, ez da ahaztu behar Espainiako Estatua dela Europan alokairuzko etxebizitza parke eta etxebizitza publikoaren parke txikiena duen estatuetako bat, eta Jornetek nabarmendu zuen Jose Luis Arrese frankismoko Etxebizitza ministroak sustatutako politiken ondorio zuzena dela hori. Horren erakusgarri, Arreseren esaldi ospetsua: “Etxejabeen herrialde bat nahi dugu, ez proletarioen herrialde bat”.



