Zer egin behar da Auditz Akularrekin?
Altzako Auditz Akular berdegunean egin beharrekoaz luze eta zabal aritu ziren joan den astean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean. Sakontasunez eta seriotasunez, bertan eraiki eta "Altza bukatzea" defendatu zuen Patxo de Leon arkitektoak hirigileak eta eremua Altzaren birika izan behar dela defendatu zuen Maribi Joaristi hirigile letratuak.
Patxo de Leon, Oihana Santolaria eta Maribi Joaristi, Auditz Akularri buruzko mahai inguruan.Beñat Parra 1995eko hiri antolamenduko plan orokorretik (HAPO), gutxienez, dago Donostiako Udalaren mahai gainean Altzako Auditz Akular berdegunean etxebizitzak eraikitzea. 800 etxebizitza zeuden aurreikusita orduan, eta, gerora, XXI. mendearen hasieran, Odon Elorza alkate ohiaren agintaldian, 3.000 etxebizitzako planteamendu bat jarri zuten mahai gainean, Patxo de Leon arkitekto hirigileak diseinatutakoa. Altza XXI Herri Ekimena buru, asko izan ziren orduan proiektu haren aurka altxa ziren donostiar zein altzatarrak eta, 2008ko krisi ekonomikoa tarteko, ez zen gauzatu, egun indarrean dagoen 2010eko HAPOan jasota gelditu bazen ere.
Azken urteotan, ordea, egitasmoa berrartu dute udalak eta Eusko Jaurlaritzak; besteak beste, HAPO berriaren aurrerakinean Auditz Akularren 3.000 etxebizitza (gehienak publikoak) eraikitzeko planteamendua txertatuta. Horren aurrean, hogei urte ingururen ondoren Altza XXI buru berriz ere, egitasmoaren aurka altxatu dira herritar eta eragile ugari, Altza nahikoa “masifikatuta” dagoela eta auzoa hobetzeko bestelako beharrak dituztela iritzita —espazio libre erabilgarriak, zerbitzuak, azpiegiturak eta abar—.
Horrela, asko hitz egin da azken urteotan Auditz Akularri buruz, eta gaiari argia emateko asmoz, solasaldi interesgarria antolatu zuten joan den ostegunean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO), Patxo de Leon arkitektoak hirigilearekin eta Maribi Joaristi hirigile letratu eta Altza XXIko kidearekin, Oihana Santolariaren gidaritzapean.

Patxo de Leon, Oihana Santolaria eta Maribi Joaristi, Auditz Akularri buruzko mahai inguruan.Beñat Parra
Auditz Akular, “Altza bukatzeko”
De Leon izan zen hitza hartzen lehena, eta argi eta garbi defendatu zuen Auditz Akularren eraiki egin behar dela: “Konplexua da, baina etxebizitzaren egoera eta hirigintzarena dena da”. “Ezker erradikalak nahi ez izan arren, eraiki egin behar da, eta, Donostian, kuartelak, Amarako trenbidea eta Auditz Akular dira horretarako gelditzen diren eremu nagusiak”, gaineratu zuen. Hiru horien artean, Auditz Akular da etxebizitza gehien eraikitzea ahalbidetzen duen gunea, eta, hain zuzen ere, harago ere joan zen aditua: “Altzako biztanleriaren parte batek bertako landa elizatea nostalgiaz oroitzen badu ere, soilik Altza geratzen zaigu eraikitzeko”. “Auditz Akularren eraiki egin behar da, eta orain egin behar da”, gehitu zuen.
Hala ere, “erabat ulergarritzat” jo zuen Altzako bizilagun asko proiektuaren aurka agertzea, “azken 60 urteotan Altzan urbanistikoki egin den guztiak ondorio onartezinak eduki dituelako”. Horregatik, Auditz Akularreko proiektuak Altzari “beste zerbait” eskaini behar diola aldarrikatu zuen De Leonek: “Altza bukatzea, gune urbano ezaguterraz bat konfiguratzea, auzoaren ekipamenduak osatzea eta espazio libreak eskaintzea. Espazio urbano bizigarri bat edukitzea, alegia”.
Europatik datozen hirigintza irizpide garaikideek argi diote eraikitako hirian esku hartu behar dela, eta helburua dagoeneko ez dela izan behar eraikitakoaren mugetatik harago hazten jarraitzea. Horrekin ados agertu zen arkitektoa, baina “argi” ikusten du hori ez dela epe motzera egingo: “Horregatik, Altzan esku hartu behar dugu, baina kalitatezko hiri bat eginez. Horretarako, hori bai, dirua inbertitu behar da eta modu inteligentean esku hartu behar da. Auditz Akularrek ezin du Ibaeta edo Bentaberri baino okerragoa izan”. Horrela, berak Elorzaren garaian egindako planteamendua defendatu zuen, berriki HAPOaren aurrerakinean udalak sartu duena kritikatzearekin batera.

Patxo de Leon, Oihana Santolaria eta Maribi Joaristi, Auditz Akularri buruzko mahai inguruan.Beñat Parra
“Ez da lekua eta ez da eredua”
Joaristik nostalgiatik hitz egiten dutela ezeztatuz hasi zuen bere hitzartzea, Altzaren inguruko ezagutzatik baizik. “Ez da lekua eta ez da eredua”, nabarmendu zuen, Auditz Akularreko hirigintza garapenari buruz, baita gogorazi ere 2019an udalean ordezkaritza zuten alderdi guztien mahai inguru bat antolatu zutela auzoan, eta “denek” esan zutela berdegune horretan ez zela eraiki behar.
Joaristik nabarmendu zuenez, hainbat arrazoirengatik “ez da lekua”: “Altzako, Pasaiako eta Errenteriako etxebizitza masen artean dago, balio agroekologikoak eta hidrologikoak ditu eta babesleku klimatiko bat da”. Era berean, “hirigintzak herritarren interesen alde” joan behar duela nabarmendu zuen, eta Auditz Akularrekoa “egin behar ez denaren eredua” dela: “Helburua ezin da izan eraikitzeagatik eraikitzea ezin da izan helburua”. Ildo horretatik, hain zuzen ere, gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzak berak gomendatu duela bertan ez eraikitzeko.
Era berean, hainbat arrazoi jarri zituen mahai gainean Altza XXIko kideak, eredua ere ez dela argudiatzeko: “Altzan, ondo ezagutzen dugu zer den etxebizitzen pilaketa. Bere kabuz garatu den auzo eta komunitate bat gara, hamarkada luzez arazo sozialei aurre eginez, integrazioa landuz eta gure kabuz urbanizazioak bukatuz. Baina berroneratze handi bat behar du auzoak: irisgarritasuna, zerbitzuak, ekipamenduak, desertizazioari aurre egitea…”. Era berean, gogorarazi zuen Auditz Akularreko 3.000 etxebizitzez gain, HAPOaren aurrerakinak beste 1.000 inguru aurreikusten dituela Altzan: “Hori guztia eraikitzea Altzan kohesio sozialaren kontrakoa da. Etxebizitza babestuak Altzan pilatzea da, hirian ez banatzeko. Erabilera nahasturaren aurkakoa da. Auzoa berriz egin behar izatea eragingo du”.
Etxebizitzaren arazoari dagokionez, “zergatik ez dira etxebizitza publiko gehiago eraiki azken hamarkadotan?”, galdetu zuen. Izan ere, HAPOan (2010) aurreikusitako 16.415 etxebizitzen %24,8a baino ez da egikaritu (4.072), eta horien artean daude aurreikusitako etxebizitza libre guztien %64,24, babes ofizialekoen %31,68 eta tasatuen %4,08. Horregatik, “eskari errealaren diagnostikoa” egiteko beharra aldarrikatu zuen, baita eraikitako hirian esku hartzearen aldeko apustua egin behar dela aldarrikatu ere: “Antondegin ez bada eraikitzen, Altzan ere ez. Ategorrieta-Ulian ez bada eraikitzen, Altzan ere ez”. Era berean, Auditz Akular ere berroneratu egin behar dela nabarmendu zuen, Altza “oxigenatzeko” eremua izan daitekeelako.
Erakutsi zuten etxebizitzaz eta hirigintzaz soseguz, sakontasunez eta seriotasunez hitz egin daitekeela (eta behar dela)
Bi eredu, eztabaida aberasteko
Etxebizitzaren arazoari, hirigintzari, hiri ereduari, Altzari eta Auditz Akularri buruzko bi ikuspegi desberdin jarri zituzten mahai gainean joan den astean De Leonek eta Joaristik, aretoa bete zuten herritar eta ordezkari publiko ugariren aurrean —ikusleen artean zeuden, besteak beste, Denis Itxaso Etxebizitza sailburua, udaleko zinegotzi batzuk eta Jorge Letamendia Odon Elorzaren garaiko Hirigintza zinegotzia—.
Desadostasun, ziurtasun eta zalantza asko eztabaidatu zituzten, baina Altzaren egoeraren inguruko diagnostiko nahiko antzekoa egin zuten, bakoitzak bere ikuspegitik. Eta, garrantzitsuena: erakutsi zuten etxebizitzaz eta hirigintzaz soseguz, sakontasunez eta seriotasunez hitz egin daitekeela (eta behar dela), titular entzutetsuez eta agintarien promes eta adierazpen gerrez harago, orain erabakitzen denak markatuko baitu etorkizuneko Donostiaren eta donostiarren bizitza. Sosegu, sakontasun eta seriotasun berberarekin hartuko al dute auzia erabakitzeko ahalmena dutenek?



