Kresalak udaberriari gorazarre egingo dio, 'Lore-hostoak' ikuskizunarekin
Kresala dantza eskolako ikasleak, dantzan.Kresala dantza taldea Datorren igandean, hilaren 24an, Zuloaga plaza dantzarako eszenatoki nagusi bihurtuko da. 12:00etatik aurrera, Kresala dantza eskolako 120 ikaslek Lore-hostoak izeneko udaberriko dantza jaialdi eta erakustaldia eskainiko dute.
Ikuskizuna 27 dantza saioz osatutako programa bat da. Bertan, euskal kulturan ezinbestekoak izan diren Azkue, Donostia, Barandiaran edota Riezu ikerlarien lanean oinarritu dira, XX. mendeko Europako mugimendu erromantiko, historiko eta espresionisten azterketa bateratua eginez.
Indarra, energia eta freskotasuna
“Indarra, energia eta freskotasuna” dira jaialdiaren bereizgarri nagusiak, akademiaren esanetan. Ikasleentzako balioetan, gaitasunetan eta ezagutzetan hazteko gune bihurtu nahi du eskolak, hazkunde pertsonal eta kolektibo bati bide emanez.
Ikuskizunak dantza tradizionalen inguruko ikuspuntu ireki eta zabala erakutsiko du. Antolatzaileen esanetan, helburua ez da datorrenaren definizio hertsia ematea, baizik eta aukera berriei leihoak irekitzea, etorkizunean etorriko diren sorkuntzei bide emateko.


