'Mapandreak' gida didaktikoa, berdintasuna hiri espazioaren bidez lantzeko
Mapandreak proiektuaren erakusketa bat, Kontadores zentroan. Andrea Bosch Donostiako Udalak hezkuntza baliabide pedagogiko berri bat jarri du irakasleen eskura: Mapandreak gida didaktikoa. Material horren helburu nagusia ikasleak emakumeek Donostiako bizitza sozial, kultural eta politikoari egindako ekarpenen inguruan gogoeta egitera gonbidatzea da. Horretarako, kaleen, eskulturen eta espazio publikoko beste elementu batzuen izenak aztertuko dituzte.
Mapandreak elkarteak egin du gida, eta hiriko kaleei eta espazioei izena ematen dieten emakumeen fitxa biografikoak, zein adin eta gai desberdinetara egokitutako jardueren proposamenak jasotzen ditu. “Mapandreak-en bidez, ikasleek hiria beste begi batzuekin begiratzen ikastea nahi dugu; berdintasuna kalean ere lantzen da”, adierazi du Iñigo Garcia Hezkuntzako zinegotziak.
Eskola Jardueren Katalogoarekin bat
Gidaren aurkezpenak 2026ko Eskola Jardueren Udal Katalogoaren aurkezpenarekin bat egin du. Katalogo horrek ikastetxeen eskura jartzen ditu hainbat udal arlok eta erakundek landutako jarduerak: ikasgelako lanaren osagarri diren bisitak, lantegiak, hitzaldiak eta irteerak, esaterako. Ikasmailari dagokionez, Haur Hezkuntzatik hasi eta Helduen Hezkuntzaraino daude sailkatuta.
Bi materialak (katalogoa eta gida didaktikoa) doan kontsulta daitezke formatu digitalean, Donostiako Udalaren webgunean.


