Euskaldun gisa ahaldundu, «bateria kargatu» eta aurrera egiteko
Etenik ez duen borroka bat da euskaraz bizitzearen aldekoa, eta, zentzu horretan, euskaldun gisa ahalduntzea garrantzitsua da, egunerokoaren egoerei aurre egiteko. Horren harira, euskaldunentzako ahalduntze ikastaroa egin berri dute Bagera Euskaltzaleen Elkartean.
Bagera elkartean egin dute euskaldunentzako ahalduntze ikastaroa. Bagera elkartea Nori ez zaio pasatu? Taldeko elkarrizketa bat euskaraz eduki, baina kideetako batek erdaraz erantzun bezain laster, ordura arteko guztia ulertu badu ere, denak erdaraz hitz egiten hastea. Edo, taberna batera sartu eta, zerbitzariari hartzen diogun itxuragatik, zuzenean, erdaraz hitz egitea. Edo ezezagun bati kaletik zerbait esaterakoan, automatikoki, erdaraz hitz egitea. Edo beste mila egoera, euskaldun orok egunero bizi dituenak. Ez baita erraza euskaraz bizitzea, horretarako hautua eginda ere.
Estres linguistikoa da hori guztia, eta edozein hizkuntza gutxitutan bizi den zerbait da. Horri aurre egiteko, lau saioko ikastaro bat egin berri dute Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartean, Imanol Artola Arretxe Felix soziolinguistak gidatuta. Ikastaroarekin «pozik eta gustura» agertu da Felix, eta Bagerak etorkizunean antolatuko dituen halako beste ikastaroetan izena ematera deitu du: «Helburua da ahalduntzen ari den euskaldunak bere inguruan eragitea».
Teoriatik praktikara
Nola ahalduntzen da, ordea, euskaldun bat, euskaldun gisa? «Psikologiako kontzeptu asko landu ditugu ikastaroan, hortik ulertzen dudalako ahalduntzea nik: hizkuntza estresa, asertibitatea, emozioen kontrola… eta, oinarri horrekin, parte hartzaile bakoitzak bere helburuak ezarri ditu, ikasitakoa praktikan jartzeko», azaldu du Felixek.
«Konfiantza ematen dizu euskaraz hitz egiteko, euskaldunok ditugun konplexu guztiak gainetik kentzeko»
Lorentxo Urretabizkaia, euskaltzalea
Arantza Zulaika izan da ikastaroan parte hartu duen kideetako bat, eta bere esperientziaren berri eman digu: «Elkarte batean elkartzen gara ostiralero hainbat lagun eta horietako hiruk ez dute euskaraz hitz egiten. Eta horiekin ere, poliki-poliki, euskaraz hitz egitea da nire helburua». Dioenez, helburua guztiz bete ez badu ere, ikastaroak iraun dituen asteetan, aurrerapausoak eman ditu: «Felixek esan zidan taktika izan zitekeela zuzenean beraiei begiratzea hitz egiterakoan, askotan, besteekin hitz eginda, baztertuta sentitu daitezkeelako eta edozein gauza galdetu, ulertzeko ahalegina ere egin gabe. Eta balio izan dit taktika horrek, aurrerapausoak eman ditut, tarte batez bada ere, beraiei zuzenean begiratuz hitz egiterakoan».
«Halako egitasmoekin, aurrerapausoak ematen dira. Daukagun motxila arinago eramateko balio du»
Arantza Zulaika, euskaltzalea
Ildo beretik jo du Lorentxo Urretabizkaia parte hartzaileak ere: «Ikastaroaren ondoren, erabaki batzuk praktikan jartzen hasi naiz. Ezagunekin beti hitz egiten nuen euskaraz aurretik ere, nahiz eta beraiek euskara ulertu bai, baina erdaraz hitz egin. Baina, hemendik aurrera, erabaki dut ezezagun ororekin lehenengo hitzak, gutxienez, euskaraz egitea, gaztelaniaz erantzuten badute ere, beraiek esan arte ez dutela ulertzen». «Felixek ulertarazi digu aurrekoak, esan behar badu, esango dizula ez duela ulertzen, baina zuk aurreiritzirik gabe egin behar diozula euskaraz. Zeren, ez dakizu zergatik erantzuten dizun gazteleraz, agian ulertzen ari da», gehitu du Urretabizkaiak.
Bai Urretabizkaiak eta bai Zulaikak nabarmendu dute «hainbat teknika eta mekanismo» barneratu dituztela ikastaroari esker, baita «aholku ugari» jaso ere, egunerokoan bizi ohi dituzten egoerei aurre egiteko. Eta, era berean, nabarmendu dute asko ikasi dutela taldean esperientziak, lorpenak eta oztopoak partekatuz: «Ikastaroaren ekarpena da teknika batzuk ikasi eta erabiltzea, ahalduntze prozesuan sortuko diren arazoak bideratzeko. Eta konfiantza ematen dizu euskaraz hitz egiten hasteko, euskaldunok ditugun konplexu horiek guztiak gainetik kentzeko eta dinamikak aldatzeko», gaineratu du Urretabizkaiak.
«Gehiago gara ulertzen dugunak»
Urretabizkaiak nabarmendu duenez, ikastaroak balio izan die, baita ere, argi ikusteko «Donostian, pertsona gehiago garela euskaraz ulertzen dugunak ulertzen ez dutenak baino». Horri eta barneratutako mekanismoei esker, «indarberrituta» atera dira ikastarotik: «Konfiantza irabazi dut, euskaraz egiteko. Hori baldin bada ahalduntzea, ahaldundu naiz», azaldu du Urretabizkaiak. «Bateria kargatzea izan da niretzat, indar handia eman dit egoera itxietan urratsak egiteko: erdaraz hitz egiten dutenekin behintzat bizpahiru gauza esatea euskaraz eta abar. Halako egitasmoekin, aurrerapausoak ematen dira; batzuetan, besteak ere hitz egiten du pixka bat euskaraz edo, behintzat, onartu egiten du zure hautua. Daukagun motxila hori arinago eramateko balio du», gehitu du Zulaikak.
Ildo beretik jo du Felixek, baita nabarmendu ere halako egitasmoek txikitik eragiteko balio dutela: «Halakoek ematen dute indarra, ea pixkanaka halako espazio eta egitasmo gehiago sortzen ditugun. Euskararen egoera guk bakarrik ez dugu hobetuko, baina, behintzat, bizi ditudan egoera jakin hauetan erosoxeago sentituko gara, hobeto egingo diegu aurre egoerei».



