600 zerbitzu eman dituzte Donostian Whatsapp bidezko taxi eskaeren bidez, lehenengo hilabetean
Donostiako taxi baten artxiboko irudia.Taxi Donosti Gipuzkoa Taxi elkarteak Gipuzkoako taxi bidezko mugikortasuna “errazteko” aplikazioa aurkeztu zuen apirilean: dTaxi. Horren bidez, Whatsapp bidez eskatu daiteke taxiak, eta, hain zuzen ere, zerbitzua horren lehenengo hilabetearen balantzea egin dute arduradunek: “Herritarrek oso erantzun positiboa eman dute. Denbora horretan, 600 zerbitzu baino gehiago eman dira Donostian, Radio Taxi Donostiren bidez, Hernani eta Astigarragaren gisako bazkide laguntzaileak barne, fase pilotuan”.
Taxilariak ez ezik, erabiltzaileak ere pozik daude zerbitzu horrekin, azaldu dutenez: “Bereziki gazteenek, sistemaren erosotasuna, erraztasuna eta azkartasuna balioetsi baitute, batez ere telefono dei bat egitea hain praktikoa ez den egoeretan”.
Berritasuna
Lehenengo hilabeteko datuekin batera, orain martxan jarriko duen berritasuna iragarri du Gipuzkoa Taxi elkarteak: “Zerbitzuak aukera ematen du taxi erreserba aurreratuak egiteko zuzenean Whatsapp bidez, baina, oraingoz, Donostian bakarrik, Radio Taxi Donosti bidez. Aukera berri horri esker, erabiltzaileek azkar eta eroso kudeatu ahal izango dituzte joan-etorriak aldez aurretik”.
“Whatsapp kanalaz gain, proiektuak webgune informatibo bat ere badu, non interesdunek zerbitzuaren funtzionamendu zehatza kontsulta dezaketen, ohiko zalantzak argitu eta taxi bat ere eska dezaketen”, gaineratu du elkarteak.

