Ategorrietako sarraskia oroitu du Kontseilu Sozialistak Trintxerpen
95 urte beteko dira aste honetan Ategorrietako sarraskitik. Guardia Zibilak zazpi langile grebalari hil zituen tiroz Ategorrietan, Trintxerpetik Donostiarako bidean.
Kontseilu Sozialistaren omenaldi ekitaldia, Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrenaren bueltan, Trintxerpen.Kontseilu Sozialista 95 urte beteko dira bihar (hilak 27) Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik eta, ohiko legez, oroimen ekitaldia egin zuen Donostiako Kontseilu Sozialistak Trintxerpen, pasa den larunbatean. Izan ere, handik atera ziren manifestazioan greba egiten ari ziren Pasaiako arrantzaleak, 1931ko maiatzaren 27an, Donostiara bidean, “ogia eta askatasuna” aldarri. Ategorrietako erlojura iristean, ordea, Guardia Zibilak tiro egin zuen euren aurka, zazpi langile hilez eta hamarnaka zaurituz.
Oroimen ekitaldian, hildakoak oroitu zituzten mugimendu sozialistako kideek, euren omenezko hitzartzeekin, lore eskaintzarekin eta dantzarekin. Ez da egunotan Ategorrietako sarraskia oroitzeko egin den ekitaldi bakarra, izan ere, Ezker Anitzak, EPK alderdiak eta Fato C. Galego Daniel Castelao eragileak omenaldia egin zuten Ategorrietako erlojuan bertan pasa den igandean. Bihar, aldiz, Donostiako EH Bilduk lore eskaintza egingo du erlojuan bertan 10:00etan, eta Pasaiako Udalak ekitaldi instituzionala egingo du 11:30ean Trintxerpeko alkateordetzan.

Kontseilu Sozialistaren omenaldi ekitaldia, Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrenaren bueltan, Trintxerpen.Kontseilu Sozialista

Kontseilu Sozialistaren omenaldi ekitaldia, Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrenaren bueltan, Trintxerpen.Kontseilu Sozialista
Euskal Herriko bortitzena
Gerra testuinguru batetik kanpoko langileen aurkako historia modernoko sarraskirik bortitzena da Ategorrietakoa. Gertakizunei dagokionez, Pasaiako arrantzaleen bizi baldintzen okertze orokortuaren aurkako erreakzio gisara eman zen borroka prozesu guztia, grebalarien eskaerak hauexek zirelarik: 300 pezetako soldata Sole Handira eta Irlandara lan egitera zihoazenentzat, hamabost ordu baino gehiagoko lan egunik ez edukitzea eta astean behin deskantsurako egun bat edukitzea. Armadoreen erantzuna “garbia” izan zen hasieratik, eta grebalariekin adostasun batera iristeko ate guztiak itxi zituzten. Tentsioa igo ahala, Espainiako II. Errepublikako ordezkaria bitartekaritza lanak egitera behartuta agertu zen, baina argi utzirik egoerak eztanda egitekotan Errepublikaren “etsai” gisara hartuak izango zirela, eta beraz, “zigortuak”. Halaxe gertatu zen.
Maiatzaren 27an hainbat grebalari atxilotuak izan ostean, beraien askatasunaren eta grebaren aldeko aldarriekin milaka pertsona batu ziren Pasaiatik Donostiara egin zen manifestaziora. Zoritxarrez, ordea, manifestazioa ez zen helmugara iritsi. Guardia Zibila zain izan zuten Ategorrietan, eta hauek ez zuten zalantzarik eduki manifestarien aurka tiro egiteko, hamar hildako eta 33 zauritu izan zelarik ondorio lazgarria.


