Hondarrezko Gazteluen III. Lehiaketa Solidarioa egingo dute, Kontxan
Hondarrezko Gazteluen Lehiaketa, 2024an.Gipuzkoako Foru Aldundia Datorren ekainaren 6an, larunbatarekin, ATECE Gipuzkoa elkartearen aldeko Hondarrezko Gazteluen III. Lehiaketa egingo dute, Kontxako hondartzan. Helburua hartutako garuneko gaitzari ikusgarritasuna ematea eta elkartearen lana babesten jarraitzea da.
Antolakuntzak azaldu duenez, izen-emateak ekitaldiaren egunean bertan eta lehiaketa hasi aurretik egingo dira aurten, elkarteak Kontxako pasealekuko erlojuen ondoan jarriko duen karpan.
Izen-ematea eta arauak
Izena emateko, 12 urtera artekoek sei euro ordaindu beharko dituzte, eta, helduek, zortzi. Kuota horrek parte-hartzea bermatzeaz gain, erakunde laguntzaileen produktuekin osatutako opari poltsa eta zozketa baterako txartela barne hartzen ditu. Nahi duenak zozketarako txartel gehigarriak erosi ahal izango ditu, bost euroren truke.
Gauzak horrela, hauek dira lehiaketaren oinarriak: eraikuntzak 3×3 metroko lursailetan egingo dira; taldeak lau pertsonakoak izango dira, gehienez; eskuak, ontziak, palak eta eskuareak soilik erabili ahal izango dira eta, azkenik, parte-hartzaileek euren materiala eraman beharko dute. Hala ere, antolakuntzak ontziak eta palak jarriko ditu eskuragarri, behar dutenentzat.
Sariak eta artistak
Epaimahaiak obren sormena, aurkezpena, berezitasuna, zailtasuna eta exekuzioa baloratuko ditu. Horietan gailentzen direnek, ATECE Saria, Eraikuntza sortzaileenaren saria eta Eraikuntza artistikoenaren saria jasoko dituzte.
Gainera, ekitaldiari kutsu artistikoagoa emateko, ospe handiko sand art sortzaileak ere izango dira bertan: Ismael Arejulak eta Germen Cedanok lehiaketatik kanpoko obrak egingo dituzte.

