Ia 2.000 pertsona batu ditu aurten Poltsiko Antzerki Jaialdiak
Ia 2.000 lagun gerturatu dira taberna eta ez ohiko espazioetara antzerkiaz, umoreaz, magiaz eta musikaz gozatzera. Donostia Kultura Donostiako kultur etxeek Poltsiko Antzerkiaren 35. jaialdiaren balantze oso positiboa egin dute, bai hiritarren erantzunagatik, bai antolakuntzagatik ere. Publiko fidelaz gain, ikusle berriak ere erakarri dituen edizio honek, eta amaitu berritan, antolakuntzak XVII. Sorkuntza deialdia martxan jarri duela iragarri du.
Ia 2.000 ikusle
Maiatzaren 7tik 24ra bitartean, 1.900 lagun baino gehiago gerturatu dira taberna eta ez ohiko espazioetara antzerkiaz, umoreaz, magiaz eta musikaz gozatzera.
Gainera, hizkuntza eta genero parekotasun handia egon da emanaldietan; izan ere, guztira, 17 konpainiek 30 emanaldi eskaini dituzte hiriko 27 espaziotan, eta horietatik erdiak euskaraz izan dira. Generoari dagokionez, zortzi talde soilik emakumez osatutakoak izan dira, sei gizonezkoez osatutakoak eta beste hiru mistoak.
Deialdi berria, martxan
Donostia Kulturak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (EHAZE) eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, Poltsiko Antzerkiaren XVII. Sorkuntza deialdia abiatu du. Deialdia maiatzaren 26tik irailaren 13ra bitarte egongo da zabalik.
Formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi denez (eta horrek programatzeko zailtasunak ekartzen dituenez), ekimenaren helburu nagusia hutsune hori betetzea da, euskarazko sorkuntza bultzatuz.
Gainera, sorkuntza eta ekoizpena indartu nahi dituzte (gutxien landu ohi diren arloak) eta proiektuak saritzeaz gain, koprodukzioan aritzea ere bada helburuetako bat; hau da, aukeratutako bi proiekturen sorkuntzan eta ekoizpenean laguntzea. Bi obra horiek, hala, hurrengo Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioan estreinatuko dira.

