Zinema, futbola, mendi lasterketak eta geopolitika uztartuko dituzte
Korner jaialdiaren aurkezpena, Anoetan.Reala Bederatzigarrenez egingo dute Korner Festibala, ekainaren 1etik 6ra bitartean. Realaren Fundazioa da antolatzailea, eta gaur eguerdian aurkeztu dute egitaraua, Anoeta futbol zelaian.
Ainara Muga fundazioko proiektuen arduradunak nabarmendu duenez, “zinema, futbola, mendi lasterketak eta geopolitika uztartuko ditu, futbolaren, kulturaren eta gizartearen arteko loturak bilatuz”.
Hainbat lekutan egingo dute festibala. Anoetako areto nagusian ekitaldi ugari egingo dituzte, baina baita ere Amara Berriko Ernest Lluch Kultur Etxean eta Txillida Lekun.
Munduko Futbol Kopa
Astelehenean, ekainaren 1an, festibala inauguratzeko, Anna Boschek, Emilio Domenech Nanisimok eta Mikel Reparazek munduko txapelketak Ipar Amerikan dituen ondorio politikoak aztertuko dituzte, eta nazioarteko ordena nahastu eta munduan ezegonkortasuna areagotu duen Donald Trump presidentearen figurari erreparatuko diote.
Ostegunean, ekainaren 4an, Panenka eta El Orden Mundial hedabide espezializatuen baturatik sortu den Real Politik FC podcasteko kideak izango dira. Eskainiko duten saioan, estadioetan, aldageletan eta harmailetan politika nola txertatzen den aztertuko dute selekzioen lehiaketa gorena den txapelketan.
Munduko Kopa ere protagonista izango da Munduko Ikuskizunik Handiena erakusketan, Ernest Lluchen ikusgai egongo dena abuztuaren 18ra arte. Bertan, munduko txapelketen historian zehar egindako bidaia batez gozatzeko aukera egongo da, pasadizorik sonatuenak gogoratuz eta urteek aurrera egin ahala izan duen bilakaera ikusiz.
‘Días de Fútbol’
Asteartean, ekainaren 2an, zinemarako lehen hurbilketa izango da Días de Fútbol filmari egindako omenaldiarekin; belaunaldi oso bat markatu zuena, leihatilak konkistatuz eta aktore talde paregabea bilduz. David Serrano zuzendari eta gidoilariak protagonistetako bi izango ditu alboan: Pilar Castro eta Secun de la Rosa.
Asteazkenean, ekainaren 3an, Kirol gonbidatua atalaren txanda izango da. “Goraldi betean dagoen eta gure lurraldean errotze berezia duen” mendi lasterketei erreparatuko diete. Horretarako, diziplina honetako hainbat korrikalari garrantzitsu bildu dituzte: Sara Alonso, Malen Osa, Maite Maiora, Manu Merillase, Jokin Lizeaga eta Ekain Larrea. Besteak beste, behar den prestakuntzaz eta exijentzia fisiko zein mentalaz ariko dira.
Festibalari, sarrerei edo gonbidapena behar duten ekitaldiei buruzko informazio guztia www.korner.eus webgunean eskuratu daiteke.

