100 urte dira Gladys Enea herritarrentzat ireki zela
Gladys Eneak duela 100 urte ireki zituen ateak, herritarrentzat.Cristina Enea Fundazioa Mandasko duke-dukesek beren oinordekoei laga zieten Gladys Eneako finka, azken borondate gisa. Horiek, era berean, Donostiako Udalari laga zioten, eta 1926ko maiatzaren 5ean onartu zuen, formalki, Donostiako Udalbatzak. Hala, 1926ko ekainaren 2an, Gladys Enea parkeak ateak ireki zizkien herritar guztiei.
Datorren ekainaren 2an, beraz, lehen mendeurrena beteko da parkea herritarrentzat ireki zenetik. Efemeride berezi horrekin bat eginez, Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu dituzte parkea ezagutarazteko eta balioesteko.
Mendeurrena ospatzeko jarduerak
Cristina Enea Fundazioak hainbat ekintza antolatu ditu ekainaren lehen asterako; bisita gidatuak eta bisita antzeztuak egingo dituzte:
Bisita gidatuak, hala, ekainaren 2an (17:00, euskaraz; 18:30, gaztelaniaz), 3an (18:00, euskaraz) eta 4an (18:00, gaztelaniaz) izango dira. Bisita antzeztuak, ordea, ekainaren 6an egingo dituzte (10:30ean, euskaraz; 12:30ean, gaztelaniaz): Dukesaz karakterizatutako aktore batek haren bizitza eta finka sortzeko prozesua kontatuko ditu, 1905. urtera bidaia eginez.
Antolatutako bisitez gain, herritarrek eskuragarri dute Mandasko dukesaren bizitza (laburtua) argitalpena, doan deskargatzeko edo kontsultatzeko. Carlos Rilova Jericó historialariak idatzitako lan horrek Mandasko duke-dukesaren bizitzaren xehetasunak biltzen ditu, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Donostiari errepaso historikoa eginez.

