EHE eta Ikamako sei kide deklaratzera deitu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan egindako ekintza batengatik
EHE eta Ikamako sei kide deklaratzera deitu dituztela salatzeko agerraldia, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako ordezkaritzaren aurrean.EHE Donostiako Euskal Herrian Euskarazek (EHE) eta Ikama antolakundeak ekintza bat egin zuten iazko azaroan Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Ertzaintzak sei kide identifikatu zituen egun hartan, eta EHEk eta Ikamak jakinarazi dute deklaratzera deitu dituztela, irailaren 17rako, “desordena publikoak eragitea” egotzita. Hori dela eta, agerraldia egin zuten bi eragileek asteartean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean.
Zehazki, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea Otaolearentzako gutun ofizial bat erregistratu nahi izan zuten, euskararen aurkako oldarraldi judiziala gelditzeko “hizkuntz politika ausartak” eskatzeko sailburuari. “Eusko Jaurlaritzako egoitzaren ateak parez pare itxi eta gutuna erregistratzea oztopatu ziguten. Hortaz, ekimena bukatutzat eman genuen arren, Ertzaintza bertaratu eta 6 kide identifikatu zituen”, gogorarazi dute.
“Horrelako prozesu judizialen bidez, militantzia politikoa eta protesta sozialerako eskubidea kriminalizatu nahi dituzte”, salatu dute. Hala ere, “argi” dute “errepresioaren aurrean elkartasuna antolatu eta borrokan jarraituko” dutela. “Bada garaia, instituzio publikoek eta agintari politikoek dagokien erantzukizuna bere gain hartu eta euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko eta Euskal Herriaren berreuskalduntzerako neurriak hartzeko. Doakiela elkartasun osoa auzipetuak izan diren kideei”, gaineratu dute.

