Ehun hondakinak kudeatu eta berrerabiltzeko planta bat eraikiko dute Zubietan
Hondakinak berrerabiltzeko plantaren simulazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats erabakigarria eman du lurraldean arroparen eta ehun hondakinen kudeaketa hobetzeko. Donostiako Eskuzaitzeta industrialdean, Zubietako Ingurumen Gunearen ondoan, 7.500 metro koadroko instalazio bat eraikitzea proiektatu du.
Azpiegiturak 14,5 milioi euroko kostua izango du eta 2030erako martxan egotea aurreikusten dute, urtean 4.500 tona ehun tratatzeko edukierarekin.
Berrerabilpenaren erronka
Egun, bide publikoko edukiontzien bidez egiten da bilketa (Emaus eta Koopera arduratzen dira horretaz, besteak beste). Aldundiaren arabera, bilketa sistemak ondo funtzionatzen du, baina arazo nagusia, ordea, ondorengo tratamenduan eta berrerabilpenean dago.
Gipuzkoak birziklatze tasa orokor altua duen arren, berrerabiltzeko prestatze tasa % 0,96koa baino ez da. Kopuru hori oso urrun dago legez eskatzen denetik (2025erako %5 eta 2030erako %10).
Instalazio berriaren ezaugarriak
Planta berriak arazo horri helduko dio “titulartasun publikoko eredu zentralizatu” baten bitartez, eraginkortasuna bilatzeko. Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentroak (CPR) honako funtzio hauek beteko ditu: materialen sailkapena (berrerabilgarriak direnen eta ez direnen artean) eta birziklapenerako prestaketa (kolorearen eta osaeraren arabera sailkatzea). Gainera, gune osagarriak izango ditu, hala nola erreskatatutako artikuluak saltzeko gune komertzial bat, bulegoak, erabilera anitzeko aretoak eta ostalaritza zerbitzua.
Hala, horretarako guztirako, Eskuzaitzeta industrialdea aukeratu dute, hainbat arrazoi direla medio: lur mugimenduetan eta sarbide berrien eraikuntzan dirua aurreztuko delako, Ingurumen Gunearen ondoan egoteak ahalbidetuko duelako biztanleriaren % 70i zerbitzua ematea, 30 kilometro baino gutxiagoko erradioan, eta, ingurumenari dagokionez, inpaktua txikiagoa izango delako, industrialdearen azpiegiturak aprobetxatuko direlako.
Tramitazioa, martxan
Proiektua gauzatzeko lehen pausoa emanda dago, honezkero: astelehen honetan, hilak 25, argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Hiri Hondakinen Azpiegituren Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) aldaketaren hasierako onarpena. Prozesu administratibo hori hilabete batzuetan zehar luzatuko da, baina, behin onartuta, obrak gehienez hiru urteko epean gauzatu ahal izango direla aurreikusten du aldundiak.

