Loiolako Erriberako, Intxaurrondoko eta Groseko haurreskola berrien lanak bukatu dituzte
Ane Oiarbide eta Iñigo Garcia zinegotziak, Loiolako Erriberako haurreskola berrian.Donostiako Udala Donostiako Udalak lehen zikloko hiru haurreskola berrien obrak amaitu ditu, eta 2026-2027ko ikasturtean irekiko dituzte. Haurreskola berri horiek Loiolako Erriberan, Intxaurrondon eta Grosen daude, eta 89 plaza berri eskainiko dituzte zero eta bi urte bitarteko haurrentzat. Horren bidez, eskari historiko bati erantzuten zaio, hain zuzen ere orain arte eskaintza nahikorik ez zuten hiriko eremuetan.
“Haurreskoletako plaza berri bakoitza aurrerapauso zehatz bat da, emakumeek lan-bizitzaren eta seme-alabak zaintzearen artean hautatu behar ez izateko. Orain arte haurreskolarik ez zuten auzoetan eskaintza publikoa zabaltzea berdintasun-politika bat ere bada”, adierazi du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak.
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bati esker egin dira obrak. Ekarpen hori Europar Batasunak Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta 1.828.313,70 euroko aurrekontua izan du guztira.
Hiru haurreskola berriak
Loiolako Erriberako haurreskolak, Gabriel Laffitte plazan kokatua, 34 plaza eskainiko ditu: zortzi plaza, urtebetetik beherakoentzat, eta 26, urtebetetik bi urtera bitarteko haurrentzat. Intxaurrondokoak, Baratzategi kaleko 19. zenbakian, 21 plaza izango ditu, honela banatuta: zortzi, urtebetetik beherakoentzat, eta hamahiru, 1 eta 2 urte bitartekoentzat. Bestalde, Groseko Zemoria kaleko 20. zenbakiko haurreskolak ere 34 plaza izango ditu, eta horietatik zortzi urtebetetik beherakoentzat izango dira, eta 26, 1 eta 2 urte bitarteko haurrentzat.
Datozen asteetan matrikulazio prozesua abian jarriko da, herritarren arretarako UdalInfo udal zerbitzuaren bidez. Plaza esleipenaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuaren ardura izango da. Zerbitzu horrek haurreskola publikoetarako sarbidea koordinatzen du, eta leihatila bakarra da haur hezkuntzako lehen zikloan plaza eskatzen duten familientzat.
“Emakumeak lan merkatuan berdintasun baldintzetan sartu eta mantentzeko faktore erabakigarrienetako bat da oraindik ere haur hezkuntzan plaza bat eskuratzea”, nabarmendu du Oiarbidek. Gaineratu duenez, “eskaintza publikoa, doakoa eta etxetik gertukoa bermatzea tresna eraginkorrenetako bat da berdintasunean aurrera egiteko eta emakumeek beren karrera profesionalaren eta seme-alaben zaintzaren artean hautatu beharrik ez izateko”.

