Emaus fundazioak izena aldatu du: Batuz izango da, aurrerantzean
Ate irekien jardunaldi bat, Emausen. Nerea Lizarralde Emaus Gizarte Fundazioak izena aldatu du eta Batuz Gizarte Fundazioa deituko da aurrerantzean, lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea jorratu ostean. Aldaketa horrekin, erakundeak amaiera eman dio 2024an abiatutako barne eraldaketako prozesu bati.
Fundazioak azaldu duenez, marka berriaren helburua da “lurraldearekin, euskararekin eta Euskal Herriarekin lotuagoa” egongo den nortasun bat sendotzea. Horrez gain, albo batera utzi nahi dituzte Emaus marka elkarrengandik independenteak diren nazioarteko 400 erakunde baino gehiagorekin partekatzeak dakarren konplexutasuna.
Jardun eremu berriak eta 2025eko balantzea
Gaur egun, fundazioak gizarte laguntza, enplegurako prestakuntza, laneratze soziolaborala eta ekonomia zirkularreko programak garatzen ditu. Alabaina, etapa berri honetan bere jarduna beste espazio batzuetara zabalduko du, esaterako, kulturan eta hizkuntzan, kirolean eta merkataritza eta industrian.
Erakundeak datu esanguratsuak utzi zituen iazko urtean. Guztira, 350 langile izan zituen eta 3.055 pertsonari eman zien gizarte laguntza. Horrez gain, 411 lagun prestatu zituen enplegurako eta 65 laneratze postu sortu zituen. Ingurumenari dagokionez, 2.359 tona baliabide bildu zituen, eta horien %35a berrerabiltzea lortu zuen.

