Insaustik jaso du balorazio onena Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateen artean, EITB Focusen arabera
Hoberen baloratutako hiriburu alkatea da Insausti, sei puntuko balorazio batekin. Herrialdeetako datuei dagokienez, EAJk eta EH Bilduk emaitza orokorrak hobetuko lituzkete 2027ko hauteskundeetan.
Jon Insausti Maisterrena, Donostiako alkatea.Joseba Parron San Sebastian EITB Focus inkesta politikoa egin berri du EITBk, udal eta foru hauteskundeetarako urtebete inguru falta denean —2027ko udaberrian izatea da aurreikuspena—. Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzean alderdi politikoen indarraren bilakaera neurtu du inkestak, baita alkateen eta lurralde bakoitzeko buruen balorazioa neurtu ere.
Horrela, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako alkateen artean, Jon Insausti (EAJ) Donostiako alkatea da balorazio onena jaso duena, inkesta horren arabera. Zehazki, sei puntuko balorazioa jaso du (hamarretik), eta herritarren %96,3k ezagutzen dute. Iruñeko Joseba Asiron (EH Bildu) da balorazio onena jaso duen bigarrena (5,7; %96,7), Bilboko Juan Mari Aburto (EAJ) hirugarrena (5,5; %96,2) eta Gasteizko Maider Etxebarria laugarrena (4,8; %95).
Insausti jeltzalea iazko urritik da Donostiako alkate, bere alderdikide Eneko Goiaren lekukoa hartuta. Goiaren gobernukide izan zen hamar urtez, eta haren lan ildoak jarraitu ditu hilabeteotan, komunikazio estiloa eta irudia nabarmen aldatuta.
Hiriburuez harago, beste udalerri batzuetako alkateen balorazioak ere jaso ditu EITB Focusek, eta horiek kontuan izanda, hiru alkate ditu aurretik Insaustik: Tolosako Adur Martinez de Rituerto (EH Bildu. 6,9; %93,7), Aguraingo Raul Lopez de Uralde (EH Bildu. 6,2; %88,9) eta Basauriko Asier Iragorri (EAJ. 6,1; %97,1).
EAJ eta EH Bildu, lehian
Herrialdeetako datuei dagokienez, EITB Focusen arabera, EAJk eta EH Bilduk emaitza orokorrak hobetuko lituzkete 2027ko hauteskundeetan. Bereziki, EH Bilduk egingo luke gora, nahiz eta EAJk bere nagusitasuna mantenduko lukeen. Bestalde, PSE-EEk indarra galduko luke herrialde guztietan, eta PPk babesa galduko luke Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban —Nafarroan, 0,1 puntu igoko litzateke—. Voxek gora egingo luke lau herrialdeetan eta ezker konfederalak, zatituta aurkeztekotan, ez luke igoerarekin edukiko boto kopuruan.
Gipuzkoan, EH Bildu izango litzateke lehenengo indarra eta EAJk ere gora egingo luke, baina koalizio subiranistak jeltzaleekin duen aldea handituko luke. Bestalde, Bizkaian, 2023ko emaitzak berdinduko lituzke EAJ lehen indarrak, eta EH Bildu bigarren izango litzateke, lau puntu gora eginez. Araban, EAJ izango litzateke lehen indarra eta EH Bildu izango luke atzetik, puntu batera. Azkenik, Nafarroan, UPN izango litzateke lehen indarra, 2,3 puntuko jaitsierarekin, eta PSN izango litzateke bigarrena (-0,6 puntu). Euskal alderdiei dagokienez, EH Bildu izango litzateke hirugarren indarra (+2,4) eta Geroa Bai laugarrena (-0,5).

