Jose Luis Segurola, Meliton Manzanasen azken torturatua
Jose Luis Segurola, bere testigantza eskaintzen.Antxeta Irratia Egiari Zor fundazioaren ekimenez, Irungo Udalbatzak mozio bat bozkatuko du ostiralean, Meliton Manzanas torturatzaile frankistari domina, ohore eta aitortza ofizial guztiak kentzeko, Irungo Terrorismoaren Biktimen Monumentuan aitorturik baitago.
Horren harira, Irungo Antxeta Irratiak Jose Luis Segurola euskal militanteak —oriotarra da jaiotzez, baina Donostian bizi da— 2023an Bidasoaldeko memorialistei eskainitako testigantza zabaldu du, zeinetan Manzanasek egin zizkion torturak kontatzen dituen. Antxeta Irratiaren webgunean ikus dezakezue bideo osoa.
Izan ere, bera izan zen Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buruaren azken torturatua, ETAk Manzanas hil aurretik. Hain zuzen ere, Manzanas Segurola torturatzen aritu zen 1968ko abuztuaren 2ko goizean, eta arratsaldean itzuliko zela esan zion militanteari. Aldiz, egun hartako 15:15ean, ETAk tiroz hil zuen Manzanas, Irungo bere etxean. Segurolak bere testigantza latzean dioenez, “hitz egingo duzu; gero etorriko naiz zu egurtzera berriro, eta hitz egingo duzu”, esan zion Manzanasek.

