Udaberri Jaian murgilduta daude Zubietan
Zubieta. (Argazkia: Estitxu Zabala) Udaberri Jaia ospatzen ari dira Zubietan; adin guztietarako egitarau zabala prestatu dute maiatzeko azken asterako eta ekainaren erdialderako. Usurbilgo Udalak eta Zubieta Herri Eskolak lagundutako festa honek askotariko kultur eta kirol jarduerak bilduko ditu.
Atzo hasi zen jaia, Zubietako dantza taldearen emanaldiarekin, eta gaur izango da hurrengo zita, 16:45ean: Bea eta Cesen eskutik Ipuinak eta marrazkiak eta Herri Krossa egingo dute, bigarrenez. Bihar, musika tresnen eskulanak egingo dituzte, eta Oraintxe in deu! txarangak girotuko du jaia; biak ala biak, 16:45ean.
Gerora, ekainean itzuliko dira jarduerak: ekainaren 11n, altxorraren bila (16:45) eta apar festa (18:00) egingo dituzte; ekainaren 12an, berriz, jarduera sorta egongo da, denak 16:45ean hasita: funky eta antzerki emanaldia, pintxo eta tortilla lehiaketa, afarimerienda herrikoia, Zubieta talentu bila! eta bingoa.

