Azkena bailitzan
Txakur bat itsasertzean.Joseba Parron San Sebastian Elur du izena; paradoxa.
Eta inbidia apur bat ere sentitzen dut berarekiko.
Izenak berak neguko hotza dakarren arren, hondartza ertzean dago, bizitzan, lehenengoz. Zaila baita gogoratzea noiz sentitu genuen guk mundua lehen aldiz parez pare zabaltzen zaizuneko bertigo hori.
Ezezagunaren aurrean, bertigoa.
Guri ere pasatzen zaigu.
Inozentziaren galera eta aurkikuntzaren edertasuna dira, biak ala biak, txanpon beraren bi aldeak.
Beti egongo delako sentitzeko modu berri bat, dastatzeko zapore ezezagun bat edo galtzeko hiri bat, barruan dugun kuriositate hori berriro piztuko diguna. Hondartza galdu bat, lasaitasuna eta bakea zer den gogoraraziko diguna. Bidaia bat, konpainia bat, bizirik gaudela sentiaraziko diguna.
Animaliek dena sentitzen omen dute lehen aldia balitz bezala. Egiten duten guztia, bisitatzen duten leku bakoitza, dena, lehena balitz bezala ikusten omen dute. Pilotaren hamaikagarren jaurtiketa ere lehena balitz bezala bizi dute. Eta horrek eramaten nau pentsatzera, gu ere hasi gintezkeela dena lehen aldia balitz bezala bizitzen.
Oinak itsasoan sartu genituen lehen aldia, berriro, eguzkia ateratzen den egunero.
Itsasoa lehen aldiz ikustea, egunero.
Lehen ilunabarra, lehen muxua,
lehen bizitza.
Lehena, bakarra, azkena balitz bezala.

