Donostiako podabinak: antiguatarrak, langileak eta borrokalariak
Amara Berrin bada kale txiki bat, Podabines izena duena. Egunero handik pasatzen diren herritarrek, segur aski, ez dute jakingo, baina, garai batean, Donostian garrantzi handia eduki zuen lanbide bat izan zen podabinena.
Antigua auzoa, 1885ean. Bertakoak ziren podabin gehienak, XV. eta XVII. mendeen artean.Foto Marin Funtsa / Kutxateka Nolakoa zen Donostia XV. eta XVII. mendeen artean? Egun baino askoz landa eremu gehiago zuen, hori argi dago, besteak beste, harresiak oraindik bota gabe zituelako. Eta, zer zegoen landa eremu horretan? Bada, egungo begiradatik ikusita sinestezina badirudi ere, besteak beste, mahastiak zeuden, eta, hori dela eta, garrantzi handia zuten orduko Donostian podabinek —gaztelaniazkoak dira erreferentzia gehienak, eta podavines deitzen zitzaien—.
Mahastizain gisa ere definitu daitezke podabinak, izan ere, Alvaro Aragon Ruano historialariak Los podavines: labradores jornaleros en San Sebastián lanean jaso zuenez, mahastiak kimatzea eta, oro har, zaintzea zen euren lan nagusia. Hortik zetorkien, segur aski, izena: poda viñas, mahasti kimatzailea.
Hala ere, mahastizain gisa definitzea ere ez litzateke guztiz zuzena izango, ez baitzuten soilik mahastietan lan egiten. Hain zuzen ere, sagastietan ere aritzen ziren, sagarrondoetan inauste lanak eta bestelakoak eginez. Hau da, nagusiki, ardorako mahatsen eta sagardorako sagarren laborantzan aritzen ziren, buru-belarri.
Podabinen kofradiak sindikatu lana egiten zuen: «Kofradia benetako gremio erakundea zen»
Aragonek jaso zuenez, «podabinak ez ziren ikazkinak, ezta arotz maisuak ere. Baserritarrak eta jornaleroak ziren, maizterrak gehienak, baina baziren baserrien eta etxeen jabeak ere, Donostiako Antigua auzoko bizilagunak, hiribilduaren jurisdikzioaren mende zeudenak, gainerako langileak bezala, eta soldaduen errekrutatzeetan parte hartzera eta alardeetara joatera behartuta zeudenak, baina ezin zutenak hauteskundeetan parte hartu».
Horrez gain, nabarmentzekoa da podabinak Done Jakue Kofradiako kideak zirela —Cofradia del Señor Santiago gisa ageri da erregistroetan, gaztelaniaz—, «San Bartolome komentuko, Antiguako San Sebastian parrokiako eta harresiz kanpoko Santa Katalina elizako nekazari eta zulatzaile eliztar guztiak biltzen zituena», historialariak azaldu zuenez. Hala ere, podabin gehienak antiguatarrak baziren ere, Altzako Historia Mintegiak berriki jaso duenez, «podabinen artean abizen altzatarrak daude»: «1568ko kontratuan, adibidez, Juan Perez de Aduriz agertzen da podabinen ordezkari gisa. 1778an, Juan Bautista eta Joseph Joaquin de Casares agertzen dira, Juan Bautista de Lizardirekin batera».

Baserritar bat egurrez beteriko gurdi batekin, Martutenen, XX. mendearen hasieran. Podabinek egurketari lanak egin zituzten XVII. mendetik aurrera.Cesareo Castilla Moleda / Kutxateka
Gatazkak eta borrokak
Aragonen arabera, podabinak asko zirenez, indar handia zuten, eta «etengabe» eduki zituzten talkak «Donostiako kontzejuarekin».
Hala azaldu zuen historialariak: «Aurrez aurre, bi interes indartsu zeuden. Alde batetik, podabinak zeuden, etxaldeak lantzen zituzten jornalariak, beren arauen arabera gobernatu nahi zutenak, gehieneko prezioa bilatuz, ahalik eta etekinik handienak emateko. Bestetik, auzotar kontzejudunak zeuden, podabinek landutako etxaldeen jabeak zirenak, kostuak merkatzea bilatzen zutenak, eta prezioak tasatzea nahiago zutenak, kontzejuen kontrolari esker politika argi eta garbi murriztailea gauzatuz». Alegia, podabinek, langileek, euren lana ondo ordaindua izatea nahi zuten eta nagusiak ez zeuden horretarako prest.
Podabinen kofradiak, hain zuzen ere, sindikatu lana egiten zuen: «Kofradia benetako gremio erakundea zen, taldearen lan defentsan oinarritua, zuten prekaritateagatik», azaldu zuen Aragonek. Hain zuzen ere, ez ziren gutxi izan borrokaren eta lan nekaezinaren bitartez podabinek lortutako garaipenak. Gerora, ordea, aldatu egin zen Donostiako landa eremuko lana, eta podabinek aldatu behar izan zuten euren jarduna; besteak beste, egurketari, arrantzale eta marinel lanetan aritu ziren XVII. mendetik aurrera.
Oso desberdina zen duela 500 urte inguruko Donostia hura, baina XVI. mendean, XIX.ean edo XXI.ean gauza bat ez da aldatu: langile hiri bat da Donostia eta langileek mugitzen dute hiria, mundua mugitzen duten moduan. Badakizue, beraz: Amara Berriko Podabines kaletik pasatzen zareten hurrengoan, gogoratu gure podabinekin.

