Ez gaitu maitasunak hilko
'Yo no moriré de amor' filma. Filma: Yo No Moriré De Amor.
Zuzendaria: Marta Matute.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Espainia.
Marta Matute aktore, zuzendari eta gidoilari madrildarraren estreinako film luze dramatikoa da Yo No Moriré De Amor, bere bizipen propioetan oinarriturikoa. Sari Nagusia –Urrezko Biznaga– jaso zuen estreinaldirako aterpe izan zuen Malagako 29. Zinemaldian, baita interpretazio onenen sariak ere bai, eta orain gutxi heldu da zinema areto komertzialetara. Bada, joan zaitezte ikustera, ez zaizue damutuko.
Claudia gaztearengan ardazten da istorioa, bere bizitzak norabide aldaketa erradikala emango baitu amari alzheimerra diagnostikatzen diotenean. Gaixotasuna ekaitz isil bat bezala sartuko da etxean, aspaldian zaildutako familiaren rolak birdefinituz. Zaintza lanak bere gain hartu beharraren eta bere adineko edozein neskak bezala bizitzeko nahiaren artean dantzan, protagonistak errealitate berri horretan egoteko modu bat bilatuko du, familia osoaren arteko loturak eraldatuz.
Hala, gaixotasun neurodegeneratibo baten agerpenak marraztuko du filmaren norabidea, baina are sakonagoa da haren bidez mahaigaineratzen duen mezua: Claudiak ez du heroia izan nahi. Melodramaren formulari uko eginda, eta istorioa errealismo intimoz josteko hautu argiz, Julia Mascort magnetikoak gorpuzturiko emozio eta afektu kontrajarriak dira filmaren benetako hari eroalea, fokua alzheimerra duen gaixoarengandik zaintzailearen figurara aldatuz.
Kamera etxeko ingurunean kokatuz –plano finko deskribatzaileak dira nagusi– jasotzen ditu maitasunaren izenean zaintzen duenaren asfixia isila, ardura ekonomiko zein familiarrak, eta bahitutako gaztetasun horrek eragindako amorrua. Halaxe aurkezten dizkigu planoan familia dinamika desorekatu eta ankerrak, kontrol mekanismoak versus emakume disidente bat; eta, alabak zama ikusezin hori bere gain ez hartzea erabakitzen duenean, goitik behera arrakalatuko den etxe bat.
Etxetik irten, harremandu, bere sexualitatea aztertu eta «berekoi» bizi nahi duen emakume gazte bat erretratatzean, Matutek norbere nahiak eta desirak zilegiztatzen ditu, auto sakrifizioaren egiturazko agindu horren gainetik. Hala, filmak zaintza lanen gaineko iruzur patriarkala alboratu, eta kontakizunaren alderdi estali edo zigortuenak jartzen ditu mahai gainean: gaixotasunaren degradazioa eta albokoaren ezinegona, zalantza, errua eta berekoikeria.
Hain zuzen ere, azpimarra hori ikusteko gai ez denari, horixe filmaren gakoa: politizatu dezagun gure etxeotako egunerokoa, bilakatu ditzagun sukaldeak eta bainugelak erresistentziarako gune, eta, birdefinitu ditzagun «maitasuna», «amatasuna» eta «zaintza» bezalako kontzeptuak. Uler dezagun, behingoz, bizitzak ezin direla sostengatu emakumeon lanaren, etorkizunaren, osasunaren eta askatasunaren gainean.

