Bretxako Espe arrandegiak jaso du 2026ko Gipuzkoako Merkataritza Saria
Espe arrandegiko arduradun Carolina Archeli, sariarekin.Gipuzkoako Merkataritza Ganbara Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ostiralean banatu zituen 32. aldiz bere urteroko sariak. Antiguako egoitzan aurrera eramandako ekitaldian, Bretxako Espe arrandegiak jaso zuen 2026ko Gipuzkoako Merkataritza saria, aintzatespen nagusia, eta, halaber, IKO Igeldoko Kooperatiba aitortu zuten merkataritza jasangarriaren kategorian. Horrez gain, lurraldeko eskualde bakoitzeko saltoki bana aitortzen duen Hamar Bitxiak egitasmoak, Erdialdeko Inma Lo oinetako denda nabarmendu zuen, Donostialdeari dagokionean.
Espe arrandegiak 88 urteko ibilbidea du. Egun, Carolina Archeli buru du familia negozio honek, hirugarren belaunaldiko ordezkaria da. Erizaintza eta nutrizio arloko ikasketak ditu eta arrandegiaren eredu tradizionalari ikuspegi berritzaileago, hurbilago eta bezeroari zuzenduago bat eman dio.
Sariaren zergatia arrazoien artean kontsumo ohituren aldaketaren aurrean, digitalizazio eta eskaintza bezeroari hurbiltzeko bideak txertatu izan aipatu zuten. Esaterako, produktuen eguneroko aurkezpena eta sukaldaritza gomendioak ematen ditu WhatsApp eta YouTube bidez, baita etxez etxeko banaketa zerbitzua eta hiriko auzo ezberdinetako saltokiekin lankidetzan antolatutako entrega puntuak eskaini ere. Baita taldearen kudeaketa eta haren ongizatearen arloan egindako lana ere.
Gainera, Archelik arrainaren propietate nutrizionalei buruzko dibulgazio lan garrantzitsua egiten du, etorkizuneko arrain saltzaileei prestakuntza eskainiz, artikulu espezializatuak eta argitalpenak eginez, elikadura osasungarriaren sustapenean lagunduz.
Espe arrandegiaz gain, esan bezala, Igelodoko Kooperatiba ere aitortu zuten. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko aliantza indartzeko ekimen gisa sortua 1911n, herritarren lankidetza eta inplikazioari esker, 2005ean, egungo denda eta egoitza gauzatu zituzten, “komunitatean errotutako proiektu bat sendotuz”. Gogoratu zutenez, IKOk “negozio eredu jasangarri bat sustatzen du, Igeldo eta inguruko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, hurbileko, kalitatezko eta tokiko lotura sendoa duen merkataritzaren bidez”. Helburuen artean daude, Igeldoren biziberritze ekonomikoa, zero kilometroko produktuen —tokiko eta ekologikoen— sustapena eta inguruko ekoizle sareari laguntza ematea.
Era berean, kooperatibak “turismo jasangarriaren eredua sustatzen laguntzen du”, bisitariei Igeldoko natura eta historia ondarearekin uztartutako tokiko produktuen eskaintza eginez. Halaber, kontsumo arduratsu eta jasangarriaren inguruko sentsibilizazio lan aktiboa garatzen du, bai herritarren artean bai ingurua bisitatzen dutenen artean.

