Eliteko kirolaz eta osasun mentalaz arituko da Carolina Marin badminton jokalaria, Donostian
Carolina Marin badminton jokalaria. Donostia Kirolak antolatutako Kirola eta Osasun Mentala zikloak donostiarren bizi ohitura osasungarriak eta ongizate integrala sustatzea du helburu, eta amaiera bikaina izango du Carolina Marin badminton jokalari andaluziarraren partaidetzarekin.
Mugaz haratago izenburupean, Marinek solasaldia izango du Xabi Perez kazetariarekin. Saioan, eliteko kirolariek gaur egun dituzten erronka emozional nagusiak aztertuko dituzte, hala nola antsietatea, depresioa edo espektatiben kudeaketa; izan ere, Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren Osasun Mentalari buruzko Ekintza Planaren azken datuen arabera, eliteko kirolarien %33k antsietate edo depresio sintomak izaten dituzte beren ibilbidean zehar.
Hitzaldia asteazkenean izango da (hilak 3), 18:00etan, Summa Aldapeta Ikastetxean. Sarrera librea izango da lekuak bete arte, baina aldez aurretik gonbidapena hartu beharko da Donostia Kirolaren webgunearen bidez.

