«Kulturarteko txangoa» egin dute Bideberri institutuko ikasleek
Erasmus+ programak sustatutako kulturarteko txangoan parte hartu duten ikasleak.Bideberri BHI Erasmus+ Europako programak sustatuta, hamaika eguneko “kulturarteko txangoa” egin dute hainbat ikaslek egunotan, Orreagatik Donostiara, Urrats bat, ahots bat Donostiarantz proiektuaren barruan. Maiatzaren 20an Orreagatik (Nafarroa) abiatuta, atzo, maiatzaren 31n, heldu ziren Donostiara, Done Jakue bidearen hainbat zati oinez egin ostean.
Bidebietako Bideberri BHI institutuko eta Lyongo (Frantzia) Osons Ici et Maintenant elkarteko 24 gaztek hartu dute parte egitasmoan: “Irakasleek eta hezitzaileek lagunduta, kultura arteko bizikidetza, autonomia pertsonala eta esperientziaren bidezko ikaskuntza sustatzea izan du helburu, eguneroko ibilaldiak hezkuntza, sormen eta hausnarketa jarduerekin konbinatuz”, azaldu du Bideberri institutuak.
Besteak beste Iruñetik, Doneztebetik, Lesakatik eta Irundik igaro den ibilbidean zehar, ikasleek “lankidetza, errespetua, inklusioa eta ingurumenaren kontzientziaren moduko balioak” landu dituzte, “nazioarteko testuinguru batean beren hizkuntza gaitasunak hobetzeaz gain”, Bidebietako institutuaren arabera.

