Ondarretako horma eta hondartzara sartzeko eskailera berreraikitzeko lanak amaitu dituzte
Goizean eman dute lanen berri Jon Insausti alkateak eta Iñigo Garcia zinegotziak. Donostiako Udala Iazko azaroaren 7an izandako denboraleak kaltetutako horma eta hondartzara sartzeko eskailera berreraikitzeko lanak amaitu dituzte eta gaurtik aurrera erabilgarri daude.
Aipatu denboraleak egiturazko kalte handiak eragin zituen itsasertzeko leku honetan. Aurrez kaltetutako harresiaren zati bat babesten zuen harri lubeta kaltetzeaz gain, beste zati handi bat ere jausi zen, eta hondartzara sartzeko eskailera ia erabat suntsituta utzi zuen. Horrez gain, denboraleak murruaren atzean zegoen harearen zati handi bat eraman zuen, itsas pasealekuari eusten dion harlauza agerian utziz. Gertaeraren ondoren egindako azterketa teknikoek egiaztatu zuten horma zaharrak ez zeukala olatuen etengabeko kolpaketari aurre egiteko behar besteko egitura sendorik. Hortaz, udalak martxan jarri zuen esku hartze integrala, eragindako kalteak konpontzeaz gain, itsasertzeko azpiegitura osoaren erresistentzia eta iraunkortasuna hobetzeko.
Kostako horma berriak zimendu eta euskarri-egitura handiagoak ditu, itsasoaren erasoari aurre egiteko eta etorkizuneko denboraleen aurrean segurtasun handiagoa bermatzeko berariaz diseinatuak. Lauza hexagonal tradizionalak ingurunearen elementu bereizgarri eta estetiko gisa mantentzen dira, baina estaldura funtzio bat baino ez dute betetzen.
Irisgarritasun eta segurtasun arloan hobekuntzak egiteko ere balio izan dute lanek. Hondartzara sartzeko eskailera berriak tarteko eskailera buru bat izango du, egungo araudira egokituta, erabiltzaile guztientzako joan-etorri erosoagoa eta seguruagoa errazteko. Halaber, mailadiaren behealdean beste maila txiki batzuk ere egin dira, eta marea biziek harea-kota nabarmen jaitsarazten dutenean baino ez dira ikusiko. Soluzio honekin, aurreko urteetan zimenduak agerian geratzen zirenean gertatzen ziren bat-bateko desnibelak eta erorketak saihestu nahi dira.
Jarduketak 2,5 bat milioi euroko inbertsioa izan du eta horri esker, pasealekua eta kostako horma berreskuratu ahal izan dira, Ondarretako jatorrizko irudia eta estetika errespetatuz, hiriko itsasertzeko gunerik enblematikoenetako eta erabilienetako bat baita.

