Pertsona bat atxilotu dute Donostian, borroka batean beste bat hiltzen saiatzea egotzita
Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean.Irekia Ertzaintzak 19 urteko pertsona bat atxilotu zuen igande goizaldean, Kontxa pasealekuko aisialdi establezimendu batetik gertu izandako borroka baten harira. Azaldu dutenez, borroka horretan, 35 urteko gizonezko bat zauritu zuten eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten.
Horrela, ustez eraso horretan inplikatutako bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak: lesio delitu batengatik ikertzen ari diren 17 urteko bat eta ustezko giza hilketa saiakera egozten zaion 19 urteko beste bat. “Antza denez, atxilotuak ostikada bat eta buruan zapalketa bat eman zizkion biktimari, lurrean etzanda zegoela”, azaldu du Ertzaintzak. Gertatutakoa ikertzen jarraitzen dute, eta atxilotua epailearen esku utziko dute, beharrezko polizia eginbideak amaitutakoan.
Lapurretak Antiguan
Donostiako beste atxiloketa baten berri ere eman du Ertzaintzak azken egunotan. Hain zuzen ere, 25 urteko gizon bat atxilotu dute, Antiguako etxebizitza batean eta hainbat garajetan indarkeria erabilita lapurtzea egotzita. 3.000 eurotik gorako balioa duen bizikleta elektriko lapurtu batekin harrapatu zuten ertzainek gizonezkoa, atxilotu zutenean.

