Zigarrokinak bilduko dituzte Zurriolan eta Kontxan
Aurreko urteetan ere aurrera eraman dute kanpaina hiriko hondartzetan.Surfrider Surfrider Fundazioak bultzatuta, zigarrokinek eragindako ingurumen kalteari buruzko sentsibilizazio kanpaina aurrera eramango dute Donostian. Hala, asteazkenean, hilak 3, Zurriolan –Kursaaleko sarreran, 10:30ean—, eta hilaren 13an, Kontxan —Cervantes plazan, 11:00etan—, bi saio aurrera eramango dituzte. Herritarrei eta boluntarioei bideratutako jarduera horiek ingurumenaren eta itsasoaren babesari lotutako bi nazioarteko egunekin bat egiten dute: Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, ostiralean, hilak 5, eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna, hilak 8.
Bi orduko saio bakoitzean, ingurumen sentsibilizazioa eta herritarren partaidetza uztartuko da. Lehenik, hondakin kutsatzaile ugarienetako den zigarrokinak duen eraginari buruzko azalpen labur bat emango dute, eta ondoren, aukeratutako eremuan ordubetez jasoko dute. Amaieran, parte hartzaileek bildutako zigarrokinak zenbatuko dituzte eta ekintzaren ondorioak partekatu.
2024tik aurrera daramatza elkarteak halako bilketak. Berritasun gisa, aurten Surfriderrek jardunbide egokien gida bat egingo du kostaldeko zein barnealdeko udalentzat, eta gomendioak emango ditu gune publikoetan zigarrokinen presentziari aurre hatzeko, hiri kudeaketa hobetzeko, sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko eta zigarrokinen ingurumen inpaktua murrizteko. Gida Surfriderren webgunean ere eskuragarri egongo da, doan, uztailaren 1etik aurrera.
Aurten, aurrez aurreko ekintzez gain, Surfriderrek herritarrak, elkarteak eta ikastetxeak animatzen ditu beren bilketak antolatzera Retrace! plataformaren bidez. Plataforma horretatik materiala doan ematen da, hala nola eskularruak, poltsak eta olanak. Parte hartu nahi duten enpresak badaude, jfajardo@surfrider.eu helbide elektronikora idatz dezakete.

