Astelehenean abiatuko dute Kirol Ekintzak ikastaroetarako aurretiko izen ematea
Askotariko kirol ikastaro eskaintza dute aukeran herritarrek.Donostia Kirola Donostia Kirolak-ek datorren ikasturtean Kirol Ekintzak kirol jardueren parte hartzeko aurretiko izen ematea zabalduko du astelehenean, hilak 8. Interesa dutenek astebete izango dute beren eskaera egiteko, alegia, hilaren 14a arte, Donostia Kirolaren webgunearen bidez, baita Donostia Kirolaren bulegoetan edota Bidebieta, Bretxa, Bentaberri, Egia, Paco Yoldi, Etxadi, Altza eta Intxaurrondoko kiroldegietan. Zozketa hilaren 18an egingo dute.
Irailaren 21etik ekainaren 12ra bitartean luzatuko den ikasturterako 22.967 leku eskainiko dituzte, 1.601 ikastarotan banatuta. Igerilekuko ikastaroak, aretoko jarduerak, erraketa kirolak, atari zabaleko proposamenak… Eskaintzak 73 kirol modalitate baino gehiago biltzen ditu, askotariko adin eta mailetara egokitutako jarduerekin.
Kirol eta Bizitza Osasungarri zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu duenez, Kirola Ekintzak herritarrei jarduera fisikoa hurbildu eta bizitzako garai guztietan bizi ohitura osasungarriak sustatzeko “tresna nagusietako bat” da. “Urtero izaten duen parte-hartze handiak erakusten du kirolarekin eta ongizatearekin gero eta konpromiso handiagoa duen gizarte bat dagoela”. Aurtengo ikasturtean 17.000 partaide baino gehiago izan ditu, hau da, 2024-2025 ikasturtearekin alderatuta, %6 hazi da. Gainera, izena eman dutenen %70 emakumezkoak izan dira.
Ohiko ikastaroez gain, Aukeran Kirol Ekintzak zerbitzua ere eskainiko du. Sistema malgu horrek aukera ematen du kirola pertsona bakoitzaren lehentasunen arabera egituratzeko, jarduera, instalazioa, eguna eta ordutegia aukeratuta. Azken ikasturtean 1.100 pertsonak erabili dute, 17.000 bat erreserba eginda, aurreko urtean baino %9 gehiago.

