Gladys del Estal omenduko dute larunbatean
Gladysen omenezko ekitaldia, iaz.Eguzki Gladys Gogoan elkarteak eta Eguzkik urtero legez, Gladys del Estal ekologistaren omenezko ekitaldia antolatu dute larunbaterako, hilak 6. Izan ere, asteazkenean, hilak 3, 47 urte beteko dira energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren barruan, Guardia Zibilak buruan tiro bat jota hil zuela ekintzaile ekologista donostiarra.
Ohi bezala, Bulebarretik abiatuko den bizikleta martxa egingo dute, 11:30ean, eta ondoren, Egia parkeko atean elkartuko dira, 12:00etan, erromerian del Estalen oroitzen duen monolitora igotzeko. Bertan gauzatuko dute ekitaldi nagusia, aurreskua, lore eskaintza eta musikarekin.
Ekitaldiaren tarte bat urtero baliatu ohi dute puri-purian dagoen gairen bat nabarmentzeko. Iaz gerra izan bazen, aurten energia nuklearra izango da. Deitzaileen ustez, urte askotako gainbeheraren ondoren, energia krisiaren aitzakian, energia nuklearra suspertu nahian dabiltza, eta horren aurrean, apirilaren 26an Txernobylgo hondamenditik 40 urte bete zirenean aldarrikatu moduan, memoria antinuklear aktibo baten beharra dagoela.

