Luis Garcia Lozano omenduko du udalak
Gines Pujante, Juan Bautista Peralta eta Miguel Orenesen senideak eta udaleko ordezkariak egon dira ETAren hiru biktima horien omenezko plakak jartzeko ekitaldian.Beñat Parra Donostiako Udalak plaka bat jarriko du datorren larunbatean, ekainaren 6an, 1991ean ETAren biktima izan zen Luis Garcia Lozanoren omenez. Ekitaldi honekin, udalak duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko bultzatutako ekimenaren barruan hirian jarri dituen 38 plaka batuko dira.
Ekitaldia 12:00etan izango da, Foruen pasealekuko 4. zenbakiaren parean, Erdialdean. Beste batzuetan egin moduan, omenaldi xume bat izango da, eta bertan parte hartuko dute Jon Insausti Donostiako alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek eta biktimaren senideek.
Luis Garcia Lozano, 56 urtekoa, Cetinakoa (Zaragoza), Amarako bizilaguna eta bost seme-alaben aita, Lurreko Armadako koronela eta Gipuzkoako jarduneko gobernadore militarra zen. 1991ko urtarrilaren 2an, Gobernu Militarraren egoitzako lanetik etxera itzuli zen, eguerdian, bere auto ofizialean. Etxaide kaleko eta Foruen pasealekuko bidegurutzean, semaforo gorri batean ibilgailua geratzean, kaputxadun ETAko bi kidek metrailetaz tiro egin zioten eta bertan hil zen.

