Udaberriko bilketa gauzatuko du asteburuan Gipuzkoako Elikagaien Bankuak
Elikagai Bankuko boluntario bat.Gipuzkoako Elikagai Bankua Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Udaberriko Bilketa aurrera eramango du ostiralean eta larunbatean, hilak 5 eta 6, Gipuzkoako merkataritza kate gehienen saltokietan. Kanpainaren helburua ohikoa da, elkartasun sarea indartzen jarraitzea kontua izanik ezinbestekoa dela lurraldeko familia askorentzat.
Herritarrek kutxan bonu solidarioak emanez lagundu ahal izango dute, batez ere. Horrela, Elikagai Bankuak egokitu egin dezake erosketa, gizarte erakundeen eta artatutako familien benetako premiak kontuan izanda. Halaber, 70 bat dendatan boluntarioak ere egongo dira, elikagaiak zuzenean biltzeko.
Gogoratu dutenez, egungo egoera “ez da 2025ean bizi izandako bera”, iazko bi kanpaina handietan herritarrek emandako erantzun izugarriari esker, “egonkortasunari eutsi” baitiote hilabete hauetan. Horretan, bereziki lagungarria izan da herritarrek bonu solidarioen bidez emandako dohaintza ekonomikoak. “Jada ez dugu erabateko premia egoera, baina bai konpromiso kolektiboa eskatzen duen errealitate bat, laguntzari urte amaierara arte eutsi ahal izateko”. Azaldu dutenez, azken hilabeteotan, familia eta hilabete bakoitzeko emandako kilo kopurua pixka bat handitzea lortu dute, eta, horri esker, gehien behar dutenei “laguntza zabalagoa eta egonkorragoa” eskain diezaiekete. Edonola, horri eutsi ahal izateko “gizarteak inplikatzen jarraitu” behar du.
Askotariko adin eta profiletako 600 bat boluntariok, gutxienez, asteburu horretako lau ordu eskainiko dituzte beren komunitatearekin lankidetzan aritzeko. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urte osoan lan egiten du elikagaiak berreskuratzen eta banatzen, enpresen, saltokien, erakundeen eta herritarren laguntzari esker. Eguneroko lan horrek antolaketa, logistika eta koordinazioa uztartzen ditu, baina ezinezkoa litzateke milaka pertsonaren etengabeko laguntzarik gabe.

