Epaimahaiak erruduntzat jo du aho batez Lukas Agirreren hilketaren akusatua
Donostiako epaitegiak, Egia auzoan. Bi labankada jasota hil zen Lukas Agirre gaztea 2022ko Eguberri egunean, Okendo plazan. Maiatzaren 8an hasi zuten erailketari lotutako epaiketa eta herritarrez osatutako epaimahaiak astelehenean hasi zuen bere deliberazioa. Atzo arratsaldean ezagutarazi zuen erabakia: erruduntzat jo dituzte hiru auzipetuak eta epailak “datozen egunetan” emango du bere epaia.
Epaiketan zehar entzundakoaren arabera, epaimahaiak frogatutzat jo du akusatu nagusiak “nahita, ustekabean eta bat-batean” eraso egin ziola Agirreri, “defentsa aukera guztiak ezeztatuz”. Halaber, beharrezko laguntzaileak labana soinean zeramala eta, “arriskuaz jakitun” eman ziola lagunari, Agirreren lagun taldearen kontra erabiltzeko “probabilitate altuak” zeudela, “nahita” eman ziola, baita arazo psikotiko eta mentala duela. Azkenik, hirugarren auzipetuak beste biak estali zituela ere baieztatu dute.
Epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren, aldeek beren zigor eskaerak egokitu zituzten. Hala, familiaren akusazioak hogei urteko espetxe zigorra eskatu du akusatu nagusiarentzat, hasieran baino bost gutxiago, hamalau urte laguntzailearentzat eta hiru hilabete hirugarrenarentzat. Kalte ordaina ere eskatu diete. Fiskaltzak bat egin zuen eskaerarekin, beharrezko laguntzailea gehienez 25 urtez zentro psikiatriko batean sartzea gehituta. Hiruei ezarriko diete droga mendekotasunaren aringarria.

