Ancorak alegazioak aurkeztu ditu Maria Inmaculada lursaileko proiektuaren aurka
Orubean egin asmo duten eraikin posible baten irudia.
Elkarrekin Donostia Ancora elkarteak alegazioak aurkeztu ditu Ategorrietako Maria Inmaculada lursailerako proiektuaren Xehetasun Azterlanaren hasierako onarpenaren aurka, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia urratzen duela iritzita. Azaldu dutenez, horren araberako eraikinaren babes ez da komentu multzoren hego-ekialdera mugatzean, aldiz, kanpoko fatxada guztiak hartzen ditu, klaustroa eta 1959an egindako handitzeak barne.
Ancoraren arabera, komentuak D graduko babesa du eta horrek espresuki zaintzen duela bere kanpo irudia. Hortaz, katalogazio horrek ez du ahalbidetzen egungo eraikinaren arkitektura erabat ordekatzea, Kategora promotoreak egin asmo duen moduan. Are gehaig0, 2024ko txosten batean Hirigintza ataleko arkitekto batek ohartarazi zuen legez kanpokoa zela Ategorrieta eta Marino Tabuyo arteko izkina soilik mantendu eta katalogatutako ia eraikin osoa ezabatzea.
Gainera, klaustroa eraistearen aurka dago Ancora, “komentu multzoko elementu esanguratsuenetako bat” baita, eta ez “ondare baliorik gabeko barruko patio bat”, Xehetasun Azterlanean jasotzen den moduan.
Eraikina 1930ean proiektatu zuen Ramon Cortazarrek, eta etxadi erdia hartzen du. 2025ean, lursail horretarako hotel proiektu bana aurkeztu zuten Kategora eta Biberri sustatzaileek, 118 eta 78 gelako proposamenekin, hurrenez hurren.
Azkenik, elkarteak udalaren “opakotasuna” gaitzetsi du eremu horretarako aurreikusitako erabilerei dagokienean, baita Ondasunaren Aholku Batzordea baliatzea ere egungo planarekin kontrajarriak diren jarduketak babesteko

