Luis Garcia Lozano omendu du udalak, plaka batekin
Luis Garcia Lozanoren omenezko plaka jarri du udalak. Donostiako Udala Foruen pasealekuko 4. zenbakiaren parean gogoratu dute eguerdian 1991ko urtarrilaren 2an ETAk eraildako Luis Garcia Lozano Lurreko Armadako koronela. Udalak bere omenezko plaka bat jarri du bertan, Etxaide kaleko eta Foruen pasealekuko bidegurutzeko semaforoan autoa gelditzean bi etakidek metrailetaz tiro eginda hil zuten lekuan.
Omenaldi ekitaldi xumean, Garcia Lozanoren senide eta lagunez gain, Jon Insausti alkatea eta udal taldeetako ordezkariak bildu dira. Ekitaldia udalak duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko bultzatutako egitasmoaren parte da. Hala, 38 dira orain arte jarritako oroigarriak
Cetinan (Zaragoza) jaioa, Amarako bizilaguna eta bost seme-alaben aita zen Garcia Lozano. 56 urte zituen hil zutenean. Lurreko Armadako koronela eta Gipuzkoako jarduneko gobernadore militarra zen.

