Aietek institutu publikoa eskatu dio Hezkuntza sailburuari, Santurtzin
Aiete Ikastetxeko ordezkaritza bat egon zen Santurtzin, Eskola Publikoaren Aldeko festan.Aieteko Institutua Bai Milaka lagun bildu ziren larunbatean Santurtzin, Euskal Eskola Publikoaren urteroko jaia ospatzeko. Horien artean, Aieteko Institutua Bai ekimeneko kideek osatutako Aiete Ikastetxeko ordezkaritza bat ere bertan izan zen, auzorako Bigarren Hezkuntza Publikoa eta institutu bat eskatzeko.
Ekimenaren eskariak bat egiten du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Santurtzin bertan adierazitako mezuarekin: “Hezkuntza ez da orainaldirako bakarrik prestatzen. Etorkizunari ere bidea irekitzen dio. Eta herrialdeak ez dira eraikitzen dituzten azpiegiturengatik bakarrik definitzen, baita sortzeko gai diren belaunaldiengatik ere”. Zentzu horretan, Aietek eskola eremu propioa eskatzen du, gazteen etorkizuna auzoan eta euskal sare publikoaren barruan eraiki ahal izateko.
Sailburuari zuzendutako gutuna
Hezkuntza sailburuari helarazitako gutunean, Aieteko komunitateak gogora ekarri ditu Pedrosak iazko martxoaren 31n prentsan argitaratutako hitzak, non hezkuntzak “bideak irekitzen dituela” eta “pertenentzia zentzua ematen duela” defendatzen zuen.
Era berean, aurtengo maiatzaren 28an Gasteizen Muriel Larrea Lasori emandako erantzun parlamentarioa aipatzen dute; bertan, Hezkuntza Sailaren eta Donostiako Udalaren borondatea auzoetako hezkuntza eskaintza hobetzen jarraitzea dela adierazten zen.
Aukerak eta inbertsioak
Aieteko komunitatearen ustez, iritsi da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskaintza publiko baten bidez proiektuari jarraipena emateko unea. Horretarako aukera bideragarriak badaudela adierazi dute: Jesuitinen eraikina, Pagolan hezkuntza erabilerarako aurreikusitako lursailak eta Bera Beran hezkuntza erabilerarako aurreikusitako lursailak.
Gainera, gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Eraiki 2030 egitasmoaren bitartez azpiegiturak indartzeko iragarritako inbertsioak proiektu honi bermez heltzea ahalbidetzen duela.
Horregatik guztiagatik, protokoloa alde batera utzita eta Santurtziko festa baliatuta, bilera bat izateko eskaera zuzena egin diote sailburuari, Aieteko eskola eta auzo komunitatea proiektua bultzatzeko prest dagoela berretsiz.

