'Donostiarra 2040. Topera' egitasmoa aurkeztu du udalak, «donostiarrek eta donostiarrentzat egindako prozesua»
Jon Insausti alkatea, Viktoria Eugenia antzokian, 'Donostiarra 2040. Topera' egitasmoa aurkezteko ekitaldian.Donostiako Udala Jon Insausti Donostiako alkateak (EAJ) eta Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak (PSE-EE) ekitaldi bat egin dute astearte arratsaldean Viktoria Eugenia antzokian, Donostiarra 2040. Topera ekimena aurkezteko. Insaustik azaldu duenez, “elkarrizketa kolektibo handi bat” da egitasmoa, “donostiarrek eta donostiarrentzat egindako etorkizuneko prozesua”.
“156 pertsona konprometituk” osatutako zazpi lantalde tematiko izango ditu elkarrizketa kolektiboak, alkatearen hitzetan: zerbitzari publikoak, auzoetan inplikatutako herritarrak, hainbat sektoretako adituak eta profesionalak, unibertsitatean eta mundu akademikoan erreferenteak eta Donostiako erreferente berriak.
Zazpi gai hauek izango dituzte hizpide lantaldeek: etxebizitza irisgarria auzo bizietan; hurbileko hiria eta funtsezko azpiegiturak; ekonomia indartsua, berritzailea eta ezagutzan oinarritua; zainketen eta belaunaldien arteko elkarrizketaren hiria; segurtasuna, bizikidetza eta gizarte kohesioa; kultura, identitatea eta nazioarteko posizionamendua eta erakundeen konfiantza eta aliantza estrategikoak.
Egitasmoaren izenari dagokionez, Insaustik Eneko Goia alkate ohiaren lekukoa hartu zuenetik askotan, prentsaurrekoetan zein jendaurrean, errepikatzen duen “topera” hitza dauka, baina azaldu duenez, “bi kontzeptu batzen ditu” hitz horrek: “Alde batetik, Top, Donostia ondoen bizi den munduko lekuen artean kokatzeko asmoaren adierazpen gisa, eta bestetik, Era, aurretik irekitzen den garai hori bezala: hiriaren eta donostiarron etorkizuna anbizioz pentsatzera gonbidatzen duen aro berri bat”.
Urte amaierara bitarte
Insaustik azaldu du “bihar bertan” hasiko direla egitasmoaren saioak, eta urte amaierara arte luzatuko direla. Honakoa izango da funtzionamendua: mahai bakoitzak hainbat saio osatuko ditu, eta, horietan, lehenik eta behin, diagnostiko bat partekatuko dute, ondoren hainbat eztabaida garatzeko eta ondorioen kapitulu batekin amaitzeko. Dokumentazioa, diagnostikoa eta ondorioak eskuragarri egongo dira webgunean, parte hartu nahi duen edozein erakunde, elkarte eta donostiarrentzat. Horrela, “elkarrizketa kolektiboaren emaitza” urte amaieran aurkeztuko dute.
Osatutako mahaiek “donostiarrek garai honetan dituzten erronkei erantzun nahi diete”, alkatearen hitzetan: “Donostian bizitzea gero eta gehiago kostatzen da, etxebizitza belaunaldien arteko erronka bihurtu da, zahartzeak hiriaren beharrak erabat aldatzen ditu eta espazio publikoa, bizikidetza eta segurtasuna gehiago eta hobeto zaindu behar ditugu”.
Alkatearen arabera, “Europan eta munduan hiri asko euren eredua ere birpentsatzen ari dira”, eta hari horri jarraitzea da udalaren asmoa, azaldu duenez: “Kopenhagek munduko hiririk onena izan nahi du eguneroko bizitzarako. Parisek hamabost minutuko hiriaren eredua bultzatzen du. Bartzelonak hurbileko hiriaren kontzeptua lantzen du. Helsinkik munduko hiri funtzional zoriontsuena izan nahi du. Munichek bizi kalitatea zainduko duen hazkunde orekatuaren aldeko apustua egin du”.
“Hausnarketa honen benetako protagonista ez da hiria abstraktuan. Donostiarrok gara. Gu gara. Donostiarron Donostia. Ongizatea eraikitzen jakin duten hiriek ere badakite etorkizuna ez dela heredatzen: hamarkada bakoitzean berriro konkistatzen da ideia eta ahots berriak dituen belaunaldi bakoitzeko”, gaineratu du alkateak.

