Egiako Aldakonea eremuko hirigintza plana aldatuko du udalak
EH Bilduk eta PSE-EEk Kutxa Fundazioaren patronatuan haien ordezkarien gehiengoa baliatu zuten otsailean, Aldakonean ahalik eta etxebizitza publiko kopuru handiena eraikitzea sustatzeko. Horri jarraiki hartu du erabakia udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak.
Egiako Aldakonea eremuko artxiboko irudia.Inaxio Esnaola Kutxa Fundazioaren patronatuak otsailean adostutakoari jarraiki, Egiako Aldakonea eremuko hirigintza planaren hasierako planteamendua berriz aztertzea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak gaur (hilak 9).
Horrela, Egiako gune hori eta Altzako Eraikuntza Institutuaren eremua deslotuko dituzte, izan ere, bi eremuak operazio berean sartuta, Egian etxebizitza libreak lehenestekoa eta babestuak eta zuzkidurazkoak Altzara eramatekoa zen udala.
Aldakoneako lursailaren jabea, ordea, Kutxa Fundazioa da, eta EH Bilduk eta PSE-EEk fundazioaren patronatuan haien ordezkarien gehiengoa baliatu zuten otsailean, Aldakonean ahalik eta etxebizitza publiko kopuru handiena eraikitzea sustatzeko. Horrela, Tokiko Gobernu Batzordean planteamenduaren aldaketa onartuta, Donostiako Udalbatzak berretsi beharko du orain erabaki hori, ondoren Aldakoneako hirigintza garapena abiarazteko.
EH Bildu, pozik
EH Bilduren udal taldea “pozik” agertu da, bere esanetan, “EAJk bere politika zaharkituak eta kontinuistak norabide egokian bideratu dituelako eta gizartearentzat onuragarriak diren proposamen arrazoizkoak onartzeko prest dagoelako, osoko bilkura honetan dagoen gehiengo aurrerakoiarekin bat eginez”. Gaineratu dutenez, aurreko planteamenduarekin, “periferian babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko joera betikotzen zen, egiatarrek eta donostiarrek beren auzoen bihotzean etxebizitza bat eskuratzeko aukera gutxituz”.

