GI-20 saihesbideko Donostiako bi tarte itxiko dituzte gauean
Gi-20 errepideko Ondarretako sarbidea. GI-20 saihesbideko Donostian bi tartetan itxierak egingo dituzte gaur gauean (hilak 9), lanak direla eta. Zehazki, 14,400 eta 13,800 puntu kilometrikoen artean eta 12,800 eta 11,900 puntu kilometrikoen artean egingo dituzte itxierak, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.
Eskuineko erreia itxiko dute bi kasuetan, komunikazio sarea berritzeko egiten ari diren lanak direla eta. 14,400 eta 13,800 puntu kilometrikoen arteko eskuineko erreiaren itxieraren ondorioz, 21:00etatik 05:00etara GI-11rako irteera itxiko dute, hain zuzen ere, GI-20-a N-I-arekin lotura egiteko erabiltzen den irteera.
Itxiera horrek irauten duen bitartean, Behobiako norabidean AP-8 eta GI-20 errepideetatik N-I-era Lasarte-Oriara joan nahi duten ibilgailu arinek GI-20-ko hamargarren irteera (Añorga) erabili ahal izango dute. Ibilgailu astunek, aldiz, Aritzetako lotunean AP-8-tik jarraituko beharko dute hemeretzigarren irteeraraino, eta bertan, A-15 errepidea hartu Andoaineraino, N-I-a Lasarte-Oriako norabidean hartzeko.

