MartxUp! lehiaketara proposamenak aurkezteko epea zabalik, uztailaren 17a arte
Argazkia: Donostiako Udala. MartxUp! programak gazte donostiarren ideiak landu eta horiek garatzea helburu du, gazteak hiriko gizarte, kultura eta ekonomian era aktiboan ekitera bultzatzeko. Bertan parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte arteko gazteek uztailaren 17ra arte aurkez ditzakete beren ideia eta proiektuak, banaka edo taldeka. Jarduera eremua librea da, betiere, proiektu baztertzaileak eta diskriminatzaileak ez badira. Baloratzeko irizpideak bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztapen maila dira. Hautatua izanez gero, bi eta lau pertsona arteko taldeetan landu beharko dira, eta parte hartu ahal izateko, taldekideetako batek, gutxienez, donostiarra izan behar du.
Prozesu horretan lagunduko die programak prestakuntza, aholkularitza eta baliabideak eskainiz. Partaideek proiektuaren erronken araberako formazioa jasoko dute, beraiek aurrera eraman ahal izateko. Garapena eta prototipoak, berriz, berariazko ikuskapen teknikopean sortuko dituzte bost tailerrek osatutako garapen fasean. Mondragon Unibertsitatea arduratuko da formazioa emateaz eta tutore lanak aurrera eramateaz. Fase horretan, proiektuak zehaztu, akzio plan bat burutu eta saretze prozesuari ekingo diote. Programa urria eta abendua bitartean aurrera eramango dute, eta amaitu ondoren, exekuzio fasean sartuko dira. Proiektuak 2027an garatu beharko dituzte.

