Musikagela jaialdian zazpi taldek eta gonbidatu berezi batek parte hartuko dute
Hondora bikotea.Donostia Kultura Hilaren 20an egingo dute Musikagela udal zerbitzuaren zazpigarren jaialdia, Groseko Katalunia plazan. Hainbat estilotako zazpi taldek parte hartuko dute, eta Lide Hernando musikari donostiarra buru duen Bele banda izango da gonbidatu berezia.
Jaialdia bi zatitan banatuko dute. Horrela, Ttarraka Erromeria, Siglas eta Dead Flowers bandak eguerdiko 12:00etatik 14:00etara ariko dira. Aldiz, 18:00etatik 22:00etara, Hondora, Talde Hemendik, Bele, Lasombradelflaco eta Rockin’ Ricky Hilbilly trio taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak.
Emanaldien iraupena 40 minutu ingurukoa izango da, Bele bandarena izan ezik, 80 minutu iraungo baititu. Eguraldiak laguntzen ez badu, kontzertuak Intxaurrondo Kultur Etxean izango dira.
Bi hamarkada luze
Musikagela 2004az geroztik Donostia Kulturak eskaintzen duen udal zerbitzua da, Egian eta Intxaurrondon entsegu aretoak eta kontzertu zikloak, ikastaroak, tailerrak, mailegu materiala (zuzenekoa eta grabazioa), aholkularitza eta hiriko musika jarduera bultzatzen eta dinamizatzen laguntzen du.
Aldiz, Musikagela zerbitzuari lotutako tokiko musikarien jaialdiak, proiektuak urte osoan hiriko gune itxietan eskaintzen dituen kontzertuak kalean errepikatzea du helburu. Jaialdia Dkluba kontzertu zirkuituaren baitan antolatu da, bertako musika proiektuak babestu eta ikusarazteko.
Donostia Kulturak tokiko talentu musikalaren zati bat plazaratu nahi du, hiriko taldeei jaialdi batean parte hartzeko aukera eskainiz; kalitatezko agertoki batean eta aire zabalean beste banda batzuekin joz, eta, horrela, entsegu aretoetatik haragoko proiekzioa ikusaraziz.

