Udalak bizikleten erabilera zuzenari buruzko kanpaina abiatuko du
Bi pertsona, bizikletan ibiltzen.Maite Reizabal Mugikortasun atalak eta Kalapiek iraileko Mugikortasun Astean egindako inkestaren emaitzak aztertuta, bizikleta hirian gehien erabiltzen den ibilgailuetako bat da. Erabilera hazi bada ere, hutsune garrantzitsuak daude araudiaren ezagutzan, batez ere, segurtasunerako funtsezkoak diren alderdietan.
300 erabiltzaileri hamahiru gai zehatzi buruz egindako galdetegiak erakutsi du pedagogia gehien behar duten arloak, besteak beste, galtzadako posizionamenduarekin, nahitaezko elementuekin, zirkulazio eremuekin edo kaskoa erabiltzearekin zerikusia dutenak direla. Ondorioz, udalak informazio kanpaina bat abiatzea erabaki du pedagogia egiteko asmoz. Gozatu zure bizikletaz arauak errespetatuz! lelopean, erabilera egokia sustatzeko hainbat teknika eta aholku emango ditu sare sozialetan eta hiriko termometroetan.
Inkestatutakoen %64,73k ez zekien zein den galtzadan zirkulatzeko leku egokia, funtsezkoa dena ikusgaitasunerako eta istripuak saihesteko. Halaber, parte hartzaileen ia erdiak, %49,08, ez zituen behar bezala identifikatu bizikletak behar dituen nahitaezko elementuak, lege betekizunei buruzko oinarrizko ezagutza eza agerian utziz.
Hiri araudiari buruzko zalantza garrantzitsuak ere atzeman zituzten, hala nola Parte Zaharreko zirkulazioa edo bizikletaz zirkulatzea baimenduta dauden eremuak. Jokabidearekin eta ekipamenduarekin lotutako alderdietan, berriz, laginaren heren batek baino gehiagok huts egin zuen kaskoaren erabileran edo bizikletaz beste pertsona bat garraiatzeko aukeran, %33,57 eta %33,09, hurrenez hurren.
Horrez gain, oinezkoekiko bizikidetza egoeretan jarduteko moduari buruzko ezjakintasuna “nabarmena” ere ikusi zuten, besteak beste, bizikleta pasabiderik gabeko oinezkoen pasabideetan, erantzunen %32,25 okerrak izan baitziren.
Edonola, emaitzek ezagutza maila handia erakusten dute hainbat gai garrantzitsutan, adibidez, bizikletaz ibili bitartean entzungailuak erabiltzeko debekuaz, semafororik gabeko pasabideen lehentasunaz, biraketen seinaleztapenaz edo argien erabileraz. Horrek adierazten du txirrindularien zati handi batek behar bezala erabiltzen dituela eguneroko zirkulazioan ohikoenak diren arauak.

