Zubietako kartzela «euskal eredua finkatzeko funtsezkoa» izango da
Datorren astelehenean, hilaren 15ean, Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak inauguratuko dute espetxe berria.
Maria Jesus San Jose sailburua eta Alfredo Gomez espetxeko zuzendaria, Zubietako kartzelan.Irekia Gaur goizean, Zubietako kartzela berria bisitatu du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak. Nabarmendu duenez, “jauzi kualitatiboa izango da euskal espetxe ereduan”, segurtasunera zein banakako tratamendura bideratutako espazioak izango baititu, gizarteratzera begira.
Instalazio berriaren inbertsioa 45.491.206,88 eurokoa izan da, eta 284.255,43 metro karratuko azalera du; horietatik, 80.714 metro karratu espetxe eraikinari dagozkio. 400 pertsonentzako lekua izango du, eta 255 profesional izango ditu. Irekierari esker, Martutenen zegoen edukiera nabarmen handitu da; bertan, joan den otsailean 260 pertsona zeuden barruan. Horietatik, 130 kanpora irteteko erregimenean zeuden, eta lan taldean 220 profesional inguru.
San Josek adierazi duenez, zentro berriaren irekiarekin eta Martuteneren itxierarekin, “euskal espetxe eredua sendotzen da”. Planteamendu horrek “espetxe betearazpen modernoago, espezializatuago eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagoaren aldeko apustua egiten du”. Era berean, azpimarratu du instalazio berriek eredu bati erantzuten diote “segurtasuna eta tratamendua elkar indartzen dutena, bizikidetza bermatzeko eta delitu bat egiten duten pertsonengan benetako aldaketa prozesu bat sortzeko aukera emanez”.
Espetxearen antolaketa
Zubietako kartzela modulutan antolatuta dago, eta modulu horiek aukera ematen dute barne sailkapen hobea egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako ibilbideak egiteko eta profil desberdinetako programa espezifikoak egiteko. Sailburuaren aburuz, antolaketa horrek “Euskadiko espetxe ereduaren bilakaera adierazten du: bizikidetzarako espazio hobeak ditu, prestakuntza eta enplegurako aukera gehiago eta esku hartze pertsonalizatuagoa. Azken helburua da gizarteratzen laguntzea, segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta”.
Espetxe berria “euskal eredua” ezartzeko sortu dute. Ikusmolde horren helburua da askatasunaz gabetutako pertsonek zigorrak duintasunez betetzea, banakako esku hartzearen bidez eta pertsonan zentratua. Espazioaren antolaketa pentsatua dago barruan dauden pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko, kanpoko lekualdatzeak murrizteko eta gizarteratze prozesuak indartzeko.
Horretarako, banakako tratamenduko programa zehatzak egongo dira espetxe barruan, eta arreta berezia eskainiko zaie osasun mentalari eta adikzioei. Gainera, tratamendu espezializatua behar dituzten bestelako egoerak ere aintzat hartuko dira, eta genero ikuspegia zeharka txertatuko da.
Azpiegiturak, halaber, jasangarritasun eta humanizazio irizpideei erantzuten die, eraginkortasun energetiko handiarekin, erabateko irisgarritasunarekin eta inguruneko baldintza klimatikoetara egokituta.
Eraikina, gainera, funtzionamendu autonomoa duen Gipuzkoako Gizarteratze Zentro bat du. Bere instalazioen artean, nabarmentzekoak dira 50 zelda bikoitz, ikasgelak, liburutegia eta gimnasioa duen okupazio gune bat, eta baita mediku eta erizainen asistentzia eremu bat ere, farmazia barne.
Espetxearen ardatz nagusia plaza handi bat da, eraikin nagusiak lotzen dituena, sarbideak antolatzen dituena eta hirigune autosufizientearen kontzeptua sendotzen duena. Sartze gunean komunikazioen eraikina dago; bertan, bisitetarako hamasei mintzaleku, lau mintzaleku epaileekin eta abokatuekin komunikatzeko eta senideentzako zazpi bisita gela eta bisita intimoetarako zazpi gela daude.
Barnealdean ekoizpenerako lantegiak daude, bi industria pabiloi eta prestakuntzarako manipulatuen hiru tailerretan banatuta. Erizaindegia ere dago, kontsulta medikuak, erizaintza, odontologia, farmazia eta laguntza zeldak dituen arreta eremua.
Era berean, Aukerak – Gizarteratzearen Euskal Agentziak, kudeatutako hainbat zerbitzu daude arlo horretan, hala nola sukaldeak, garbitegia eta instalazioak, baita ekoizpen tailerrak ere, irteera profesionalak dituzten sektoreak sustatzen dituztenak. Zentroak, gainera, kirol eta kultura gune bat ere badu, kirol-pista, gimnasioa, aldagelak, auditorioa, liburutegia eta ikasgelak barne. Kanpoaldean frontoia dago.
Bizitegi guneak sei modulu eta hainbat zerbitzu komun ditu, besteak beste, jangela, egongelak eta ekonomatua. Zeldak goiko bi solairuetan banatzen dira. Lau modulu berdin berdinak dira eta bakoitzak 40 zelda ditu. Bi modulu espezifiko daude: bata, emakumeentzat da, 24 zeldekin eta haurtxoak dituzten amentzako solairu batekin, eta, bestea gizonentzat, 48 zeldekin. Modulu guztiek partzialki estalia dagoen patio itxi bat eta lantegi okupazionalak dituzte.
Terrorismoaren biktimei aitortza
Zubietan Gipuzkoako Espetxe berriaren inaugurazioaren atarian, San Josek azpimarratu du “beharrezkoa” dela “gogoraraztea” ETAk eraildako Martuneteko espetxeko langileak. Bereziki gogoan izan ditu hildako hiru profesionalak: Angel Jesus Mota, espetxeetako funtzionarioa; Jose Ramon Dominguez, espetxe hezitzailea, eta Francisco Javier Gomez Elosegi, psikologoa eta Kriminologiako Euskal Institutuko (IVAC-KREI) irakaslea. Halaber, Juan Jose Baeza funtzionarioa aitortu dute, atentatu terrorista zapuztu batean zauritua.
“Beren lana egiteagatik hil zituzten. Beren bizitzak modu bidegabe eta bortitzean kendu zizkieten. Galera konponezina da familientzat, espetxe erakundearentzat eta gizarte osoarentzat. Bere memoriak interpelatzen gaitu eta egunero egongo da Zubietan. Bizirik mantentzea da gure konpromisoa”, esan du San Josek.

