Donostiako hainbat eragilek udalaren «eskapismo politikoa» salatu dute, terrazetako ordenantzaren harira
Zenbait eragilek terrazen ordenantza kritikatu dute.Nagore Garmendia Donostiako hainbat auzo elkarte eta talde ekologistak udalaren jarrera salatu dute gaur, ostalaritzako terrazak arautzen dituen ordenantzaren inguruan. Eragileen hitzetan, hiru urteko lanaren eta alegazioen ondoren, udalak 2026ko apirileko Osoko Bilkuran ordenantzaren aldaketa bertan behera uztea erabaki zuen. Egoera hori “eskapismo politikoaren ariketa magistral” gisa kalifikatu dute.
Mespretxua eta “itsusikeria”
Gogorarazi dutenez, 2023ko uztailean iragarri zuen gobernu taldeak ordenantza aldatzeko lanean ari zela. 2025eko apirilean proiektu berri bat onartu zen eta ekainean GAOn argitaratu zen, alegazioak aurkezteko epea irekiz. Dena den, zortzi hilabete eta erdiko isilunearen ondoren, aldaketa bertan behera uztea erabaki du udalak.
Mariaje Barandiaran, Groseko Auzoa Eginez elkarteko kideak, prozesuaren gardentasun eza salatu du: “Zortzi hilabete erdi eta gero, egunkariengatik jakin genuen alegazioak atzera bota zirela. Ez digute erantzun. Feedback bat nahi genuen”. Barandiaranen hitzetan, udalaren aldetik “itsusikeri galanta“ izan da lan hori guztia bertan behera geratu dela prentsaren bidez jakitea.
“Hutsetik hastea iruzur egitea da”
Sinatzaileen arabera, udalak orain ordenantza berri bat planteatzea “distrakzio maniobra bat” da, 2027ko hauteskundeak direla medio, teknikoki ezinezkoa delako araudi berri bat data hori baino lehen argitaratzea.
Ildo horretan, Iñigo Cabañas Parte Zaharrean Bizi elkarteko lehendakariak zehaztu du aurreko aldaketa proposamena “motz” geratzen zela: “Agian zentzua du ikusi izanak aldaketa batek ez duela balio, baizik eta ordenantza berri bat egin behar zela. Kontua da, epeetan berandu ibili direla“.
Espaloi igaroezinak eta sinesgarritasun eza
Bitartean, eragileek ohartarazi dute hiria “muga-mugan” dagoela eta egungo ordenantzari eutsita, herritarrek hainbat arazo jasaten jarraitzen dutela (espazio publikoaren pribatizazioa, zaratak, saturazioa beste auzo batzuetan…).
Bereziki kritiko agertu da Josean Txintxurreta, ikusmen desgaitasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen duen Begiris elkarteko kidea. Bere hitzetan, egungo araudia ez da batere errespetatzen, eta horrek zalantzan jartzen du ordenantza berri baten sinesgarritasuna: “Zerekin esan daiteke araudi berri bat egingo dela, aurrekoa ez denean inolaz ere betetzen? Nola sinetsiko diegu berritua beteko dutela?”.
Txintxurretak salatu du ostalaritza eta merkataritza hiriko espaloiez “jabetu” direla eta hirugarrenen eskubideak urratzen ari direla: “Hiria erabat igaroezina dago, gero eta gehiago“. Eskubideen arteko talka ere mahai gaineratu du: “Zer lehenesten dugu? Ostalariak edo dendariak mahai bat edo arropa asto bat espaloian jartzeko eskubidea ala hiritarron eskubidea, espaloi horretatik askatasunez eta segurtasunez ibiltzeko?”.
Udalari premiazko eskaerak
Egoera honen aurrean, eragileek premiazko bilerak eskatu dizkiote Donostiako Udalari:
Lehena, Juan Marrero Vizcaino Hiri Proiektuen eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariari, aurkeztutako alegazioak ezagutzeko, erabakietan parte hartzeko eskatzeko eta araudi berriaren izapidetzea ikusteko. Bigarrenik, Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari eta UCOMeko arduradunari, indarrean dagoen araudia bete dadila eskatzeko. Eta, azkenik, Martin Ibabe Segurtasuneko zinegotzi ordezkariari eta UCOM Unitateari, egungo ordenantza betetzen dela ziurtatzeko zer baliabide prebentibo dauden ezagutzeko.
Gauzak horrela, honako eragileek babestu dute deialdia: Morlanstarrak Auzo Elkartea, Manteo Bizirik, Auzoa Eginez Groseko Auzo Elkartea, Parte Zaharrean Bizi, Egia Bizirik, Begiris Elkartea, Altza XXI Auzo Elkartea, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma, Oleta Auzo Elkartea, Erdian Bizi, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE), Amara Berri Auzo Elkartea, Lantxabe Aieteko Auzo Elkartea, Ekologistak Martxan eta Eguzki Talde Ekologista.

