EKINN Summit topaketa antolatu dute, «aukera berriak aktibatzeko»
Egitarau guztitik, nabarmentzekoa da bihar (hilak 16) 11:30etik 13:30era antolatu duten mahai ingurua, Donostia Sustapenak azaldu duenez: 'Startup digitalak: aldaketaren lider diren emakumeak'.
Donostia Sustapena udal sozietateak EKINN Summit topaketa antolatu du laugarrenez, hilaren 16tik 18ra, “aukera berriak aktibatzea eta talentuaren, ezagutzaren, merkatuaren eta inbertsioaren arteko loturak indartzea” helburu.
Start-up-ak, ekintzaileak, enpresak, inbertitzaileak, ekosistemako eragileak eta erakundeak bilduko ditu topaguneak, Donostia Sustapenak azaldu duenez: “Edizio honetan, gainera, nazioarteko start-up-en parte hartzea izango da, ekosistemen arteko lankidetzaren balioa eta Donostiak beste ekintzailetza eta berrikuntza ingurune batzuekin duen lotura indartuz”.
Horrela, hiru eguneko egitaraua antolatu dute, “proiektu berritzaileen hazkundea, enpresen eta start-up-en arteko lankidetza, inbertsiorako sarbidea, nazioartekotzea eta ekosistemek aukera berriak sortzeko palanka gisa duten rola ardatz”. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
“Aldaketaren lider diren emakumeak”
Egitarau guztitik, nabarmentzekoa da bihar (hilak 16) 11:30etik 13:30era antolatu duten mahai ingurua: Startup digitalak: aldaketaren lider diren emakumeak. Ane Arruabarrena (Gulink), Seda Tosun (Immersia), Miren Agirregomezkorta Iza eta Maider Alonso (Emaia Health) izango dira hizlariak. EKINN eraikineko auditorioan izango da, eta, bereziki, ekintzailetza digitalean interesa duten emakumeentzako pentsatuta dago.
“Proiektu digitalak bultzatzen ari diren emakume ekintzaileekin elkarrizketa hurbila” izango da, Donostia Sustapenaren hitzetan, “Ane Arruabarrenaren (Gulink) arrakasta kasua barne”. “Esperientzia errealetatik inspiratzeko, erreferente hurbilak ezagutzeko eta proiektu propioa bultzatzeko gakoak jasotzeko saioa”, gaineratu dute.

