Euskadiko Arkitektura Institutua Tabakaleran kokatu dute
EAIren egoitza berriaren aurkezpena, Tabakaleran.Euskadiko Arkitektura Institutua Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) gaur goizean Tabakaleran, bere egoitza berrian, aurkeztu du 2028ra arte kokaleku berrian izango duen anbizio handiko kultur programazioa. Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatua, hazkunde etapa berri bati ekiten dio udazkenetik aurrera, bere “proiekzio publikoa indartzeko, audientziak handitzeko eta sorkuntza garaikideko beste esparruekin duen harremana estutzeko” helburuarekin.
EAIren espazio berria eraikinaren hirugarren solairuan kokatuta dago, 597 metro karratuko azalerarekin. Bertan egongo dira erakusketa eremu bat, didaktika taldearentzako gunea —Maushaus ardurapean— eta Peña Gantxegi Artxiboa jasoko duen espazioa, gune hau bisita ahal izatea aurreikusia dago. Espazioaren egokitzapen proiektua AMA arkitektura estudioa garatzen ari da, Itziar Molinerok eta Jaime Gutierrezek zuzenduta, 2025eko Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Gantxegi Saria irabazi zutenak.
Gainera, hirugarren solairuko bere espazio propioaz gain, Institutuak Tabakalerako lehen solairuan 300 metro karratuko erakusketa areto bat ere erabili ahal izango du erakusketa eta formatu handiko ekitaldiak antolatzeko, hala nola Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienala.
Erbesteratu zen arkitekto donostiarra
Espazio berriko lehen erakusketa Martin Dominguez. San Sebastian, Madrid, La Habana, New York izango da, urrian inauguratuko dena eta 2027ko otsailera arte bisitatu ahal izango dena. Pablo Rabasco izan da komisarioa eta erakusketak Martin Dominguez (Donostia, 1897 – New York, 1970) arkitekto donostiarraren figura berreskuratzen du, XX. mendeko arkitekturaren belaunaldi distiratsuenetako bateko kidea. Dominguezek ibilbide nabarmena garatu zuen, erbesteratzea dela eta hainbat herrialdetan jardun behar izan zuena: Madrilen, Kuban eta Estatu Batuetan. Erakusketak bere memoria jaioterriko ahanzturatik berreskuratzea du helburu.
EAIren programaren gainerako erakusketak eta jarduerak haien webgunean ikus daitezke.

