Nazioarteko 30 bat tokiko agintari, Donostiako Alkateen Foroan
Jon Insausti Donostiako alkatea, nazioarteko hainbat alkaterekin, Alkateen Foroaren testuinguruan.Donostiako Udala Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Hirugarren Mundu Biltzarra egingo dute bihar (hilak 16), Donostiako Kursaalean, eta, horren atarian, Alkateen Foroa egin dute gaur eguerdian, Kursaalean bertan. Jon Insausti Donostiako alkateak parte hartu du bertan, nazioarteko beste 30 bat alkaterekin batera.
Hain zuzen ere, Insaustik Viktoria Eugenia antzokian egin die harrera nazioarteko tokiko agintariei. Singapur, Norvegia, Brasil, Costa Rica, Nepal, Alemania, Gambia eta Malaysiako agintariak bertaratu dira, besteak beste, baita Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko zenbait alkate ere. Foroaren harira, Insaustik esan du “oso harro” dagoela “Donostia eredu bihurtzeaz berrikuntza publikoaren, kohesio sozialaren eta sakontze demokratikoaren esparruari dagokionez”.
Bestalde, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Mundu Biltzarraren inguruan, alkateak adierazi du ez dela kasualitatea hirian egitea: “Donostia izan zen 2009an OMEren Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sare Globalean sartu zen estatuko lehen hiria. Eta Donostian urteak daramatzagu aztertzen, tokiko eragileekin batera, zer dakarren gaur zahartzeak, errealitate horrek nola zeharkatzen duen gure bizia eta nola erlazionatzen garen, eta zahartzeak nola jokatzen duen hiri- eta gizarte eraldaketaren eragile gisa”.
Horrela, udalaren arabera, foroak “aldaketa demografikoaren aurrean ikuspegi eta erabaki estrategikoak kontrastatzeko” balio izan du, baita “zahartze testuinguruetan lehentasunak eta gobernu dilemak partekatzeko, zahartzea udal agenda birkonfiguratzen ari dela aztertzeko eta eraldaketa demografikoa berrikuntza publikoaren palanka bihurtuko duten erantzun politikoak aztertzeko” ere.

